Gipuzkoako Foru Aldundiak zaborrak Zabalgarbira eraman nahi ditu

2018/05/16
ELAk salatzen du Gipuzkoako zaborrak Bizkaian tratatzearen errua EAJk duela

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHKk hurrengo urteetan 120.000 tona zabor Zabalgarbira tratatzera eramateko erabakiaren aurrean, ELAk salatzen du Bai Gipuzkoan Bai Bizkaian egiten den hondakinen kudeaketa eredua ez datorrela bat Europako arauekin eta hondakinen tratamendurako ierarkiarekin.

Gipuzkoak 120.000 tona zabor eramango ditu tratatzera Zabalgarbira eta ondoren Mallabiako zabortegira eramango dituzte. Gipuzkoako Ingurumen Diputatuak eginiko adierazpenak esanguratsuak dira benetan. Zaborraren tratamentuan Gipuzkoa beste lurraldeen menpeko omen da eta badirudi hori dela larriena, eta ez hondakinak modu iraunkor batean ez kudeatzea.

Menpekotasuna azken urteetan Gipuzkoan egon den kudeaketa eskasaren eta erraustegia eraikitzearen atzerapenaren errua omen da. Adierazpen hauek gezur hutsa dira. Zabor tona hauek ezin tratatzearen errua tratamendu plantak geratu zituenarena da, hau da, EAJrena. Bazegoen Gipuzkoan hondakinen frakzio guztientzat tratamendu plantak eraikitzeko proiektua eta bertan behera utzi zuten erraustegia eraikitzeko. EAJk erraustegia bai ala bai eraikitzeko izan duen jarrera dago guzti honen atzean, hau da beraien interes nagusia, ez menpekotasuna gutxitzea ezta iraunkortasuna bermatzea ere, negozioa egitea da lehentasuna.