Gizartearen mobilizazioei esker EAEn gas prospekzioak egiteko aukera behin betiko baztertu da

2021/04/13
ELAk arabar eta euskal gizartea zoriondu nahi ditu gas esplorazioen aurka egin duten borrokagatik. Azken hamarkadan hainbat eragile sozial eta sindikalek, ELAk barne, eginiko dozenaka mobilizazio eta ekimenei esker trantsizio energetikoaren garaian inongo zentzurik ez duen jarduera behin betiko baztertzea ahalbidetzeagatik.

EAJ bakarrik geratu da gas esplorazioen defentsan. Parlamentuan ordezkaritza duten gainontzeko alderdi politikoek ere proiektu hau baztertu dute. EAJk berak agintzen duen Gasteizko udalean ere esplorazio hauek egiteko baimenik ez dute lortu eta Eusko Jaurlaritzak elegitea jarria zuen Gasteizko hirigintza Plan Orokorraren aurka arrazoi honengatik. Baina orain estatuko Klima Aldaketa Legeak bere asmoak zapuztu ditu eta horregatik gas esplorazioak bertan behera utzi dituzte behin betiko.

Azkenean, urte luzeetako borrokaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du bertan behera utziko duela Subillako Armentia-2 putzuan gasik dagoen esploratzeko asmoa. Kongresuan Klima Aldaketa legea onartu berritan hartu du erabakia, lege honek ez baitu utziko putzu hauetan prospekziorik egiten, eta beraz aurretik egin beharreko esplorazio lanek ez dutela zentzurik adierazi dute Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik.

ELAk azpimarratu nahi du gizarteak aurrera eraman duen borrokaren ondorioz eta trantsizio energetiko eta ekologikoaren beharra azpimarratuz eginiko lanaren ondorioz lortutako garaipena dela hau. Eta aurrerantzean ere beste eragile sozial eta sindikalekin trantsizio ekologikoaren bidean borrokan jarraituko dugula.