ENERGIA

Hego Euskal Herrian dugun energia ereduak kontsumo murrizketan eta energia berriztagarrian oinarritutako trantsizio energetiko justua exijitzen du

2024/03/01
ELAk egindako analisiaren arabera, gaur egun Hego Euskal Herrian dugun energia ereduak energia fosilean oinarrituta egoten eta kanpoko menpekotasun handia izaten jarraitzen du.

EAE eta Nafarroako energiaren inguruko datuak aztertu ditu sindikatuak, eta ondorio bat argia da: duela 10 urte genuen eredu energetiko berdina dugu, alegia, ez da egon aurrerapausorik. Gure energia eredua, energia fosilean eta kanpotik ekarritako energian dago oinarritua. Horrek klima aldaketa areagotzeaz gain, ekonomian eta gizartean ere hainbat eragin negatibo ditu, gizarteak orokorrean, eta langileok batez ere, pairatzen ditugun ondorioak.

EAEren kasuan, kontsumitutako energiaren %83,14 energia fosila da, energia berriztagarria ordea %8,8 da. %6,71 kanpotik inportatu behar izan den elektrizitatea da. Nafarroaren kasuan, egoera hobean daude energia berriztagarriak. Kontsumitutako energiaren %20,76 baita iturri hauetatik eratorria. Hala ere, energia fosilen erabilera handiegia da oraindik, %79,24. Nafarroa ere energia fosilen eta kanpotik ekarritako energiaren menpeko da beraz.

Egoera honen aurrean, ELAn bidezko trantsizio energetikoa aldarrikatzen eta exijitzen dugu: planetaren eta herritarron beharrei erantzuten dion trantsizioa, eta ez enpresa handiek negozioa egiteko balio duena. Bidezko trantsizio energetikoa gauzatzeko egungo eredu energetikoa aldatu behar da. Oligopolio energetikoaren menpe dagoen sistematik energia eredu publiko, demokratiko eta deszentralizatu batera pasatu behar da, eta trantsizioaren oinarria energia berriztagarriak eta energia kontsumoaren murrizketa izan behar dira. Sistema energetikoa errotik aldatu behar da beraz eta horretarako neurri sendoak behar dira.

 

Hemen ELAk Hego Euskal Herriko energia ereduaren inguruan egin duen azterketa eta trantsizio energetiko justurako proposamenak.