KLIMA ALDAKETA

Hego Euskal Herrian ezarri diren Emisio Baxuko Zonaldeek ez dituzte emisio murrizketa helburuak beteko

2024/05/31
Hego Euskal Herriko hirietan emisioak murrizteko hartu diren neurriak oso eskasak dira eta ez dute benetan Emisio Bajuko Zonaldeen helbururik beteko, ezta gutxiago ere.

Emisio Baxuko Zonaldeen helburua airearen kalitatea hobetzea eta berotegi efektuko gasak murriztea da. Helburu hauek aurrera eramateko hainbat neurri hartu behar dira eta legez ezarrita daude hauetako asko. Esaterako, 50.000 biztanletik gorako hirietan zonalde hauek zehaztu eta neurriak hartu behar dira.

Hego Euskal Herriko hirietan jada indarrean sartzen ari dira zonalde hauek, baina hartu diren neurriak kontuan hartuta, oso eragin gutxi izango dute emisio murrizketan eta airearen kalitatea hobetzean. Gure hirietan harturiko neurriak oso eskasak dira. Batez ere zonalde hauek hiriaren azalera oso txikia hartzen dutelako izango dira eragin gutxikoak. Zenbait kasutan kale batzuk bakarrik osatzen dute mugatutako eremua.

Hartu beharreko beste neurrietako bat auto pribatuen zirkulazioa gutxitzea da, eta horretarako auto bakoitzak eragiten duen kutsaduraren arabera jarri dira murrizketak. Neurri hau egokia da, baldin eta horrenbeste salbuespen jarriko ez balira. Azkenean, ia ibilgailu pribatu gehienak hirietara sartu ahal izango baitira. Autoen artean egiten den sailkapena gainera oso klasista da. Auto garestienak baitira hirietara sartzeko baimena izango dutenak, eta langile klasea izango da hirietatik kanporatuko dena.

Autoaren erabilera murriztu eta emisioak gutxitzeko hartu eharreko neurriak beste batzuk izan behar dira. Garraio publikoarekin lotutako neurriak batez ere. Garraio publikoa dohakoa izan behar da eta denek izan behar dute eskuragarri, hirietan bizi direnak eta herrietan bizi direnak.

ELA garrio publikoaren aldeko mobilizazioetan parte hartu du eta aldarrikapen hauek egiten eta mobilizatzen jarraituko dugu.