AURREKONTUAK
Hego Euskal Herriko aurrekontuek ez dute trantsizio ekosozial justuaren aldeko aposturik egiten

Aurrekontuek ez dute larrialdi klimatikoak eta trantsizio ekosozialak eskatzen duten norabide aldaketarik egiten. Gauza jakina da klima aldaketari aurre egin eta trantsizio ekosozial justu bat izateko energia kontsumoa gutxitu eta energia berriztagarriak bultzatu behar direla. Helburu hau lortzeko mugikortasuna gutxitzea ezinbestekoa da, batez ere garraio pribatua eta energia fosila erabiltzen duena, eta baita ekonomia gure lurraldean birkokatzea ere.
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren azterketa
Energia berriztagarrien arloan, Energiaren Euskal Erakundearen aurrekontuan, energia berriztagarria ekoizteko instalazio publikorik eraikitzeko partidarik ez dago. Ez dago ekoizpen publikoa bultzatzeko aurrekonturik, sistemaren publikotasuna ezinbestekoa denean trantsizio energetiko justu bat izateko.
Klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen emisioa murriztu eta mugikortasuna gutxitzeko ezinbestekoa da ekonomiaren birkokapena, baita ekonomia lokala bultzatzeko ere. Baina ekonomia gure lurraldean errotzeko neurriak bultzatu beharrean, SPRIren bitartez (34,5M€) nazioartekotzean tematzen dira.
Azkenik, mugikortasunari dagokionez, gutxi batzuek erabiliko duten AHTaren eraikuntzarako 76,5 M€ko partida dago. Garraio publikoaren erabileraren izugarrizko igoera suposatu duten deskontuak ordea ez dira mantenduko aurrekontu honetan. 2024an 15M€ bideratu ziren deskontura, 2025erako ordea 8M€ bideratuko dira, kopuru honekin ezingo da deskontua mantendu. Garraio publikoaren aldeko apusturik ez dute egin.
Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren azterketa
Nafarroako Gobernuak aukeztu dituen aurrekontuek ez dute klima aldaketari aurre egiteko neurri esanguratsurik proposatzen, nahiz eta aurrekontuekin batera aurkeztu duten “perspektiba klimatikoaren txostenak” 137M € helburu horretarako erabiliko direla esan.
Etxebizitzen birgaitzerako eta energia eraginkortasuna gehitzeko dirulaguntzetara 51M€ zuzendu dira. Baina dirulaguntzak ematea ez da nahikoa energia kontsumoren murrizketa helburura iristeko, ezta gutxiago ere. Neurri zorrotzagoak hartu behar dira eta baliabideak jarri horretarako, eta aurrekontu honetan ez daude.
Energia berriztagarriei dagokienez, autokontsumorako instalazioak egiteko dirulaguntzak dira nagusi. Aurrekontuan ez dago energia berriztagarria ekoizteko instalazio publikoak eraikitzeko partidarik. Ez dago ekoizpen publikoa bultzatzeko aurrekonturik, sistemaren publikotasuna ezinbestekoa denean trantsizio energetiko justu bat izateko.
Beste partida garrantsitsu bat nekazaritzari zuzendutako da, baina batez ere ohiko nekazaritza industrialera dago zuzendua (26M €), nekazaritza ekologikoaren aldeko apustu garbirik ez ordea (3M€).
Azkenik, mugikortasuna gutxitzeko partidarik ere ez dago. Ekonomiaren birkokapenak trantsizio ekosozialean eta mugikortasunaren murrizketan duen garrantzia ikusirik, adierazgarria da aurrekontu hauek nazioartekotzearen alde egiten duten apustua (4M €), eta arrastorik ez jarduera ekonomikoa berriro herrialdean errotzeko.
Honenbestez, Hego Euskal Herriko aurrekontuetan beharezkoa dugun trantsizio ekosoziala bultzatzeko baliabiderik ez dagoela baieztatu dezakegu. Eta honek, epe ertainera ondorioak izango ditu ekonomian eta langleon bizitzan, ezin dira aurrekontuak errealitateari bizkarra ematen egin.