KLIMA ALDAKETA

Hego Euskal Herriko CO2 emisioak %10 bakarrik murriztu dira 1990az geroztik; EBkoak, berriz,%28

2023/12/13
ELAk ohartarazi du energia kontsumoa murriztu behar dela, energiaren sektorea publiko egin, garraio kolektiboa bultzatu eta industria eraldatu, besteak beste.

 

Hego Euskal Herriko emisioei buruzko txosten osoa atxikita.

ELAk Hego Euskal Herriko emisioen bilakaera aztertzen duen txostena egin du. Datuak kezkagarriak dira, izan ere, 1990az geroztik, emisio guztiak %10 bakarrik murriztu dira; Europako Batasunean, berriz, %28 jaitsi dira. Bi kasuetan, ordea, 2030erako %55 murrizteko helburua (Parisko Akordioan finkatua) gero eta urrunago dago, eta horrek presazko neurriak hartzera behartzen du. Nafarroan, zehazki, datuak are okerragoak dira; izan ere, emisio guztiak %12 igo dira 1990az geroztik, batez ere Castejongo ziklo konbinatuko zentralaren funtzionamenduagatik (erregai fosila den gas naturala erabiltzen du elektrizitatea sortzeko).

Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko emisioetan %10eko murrizketa 2008ko krisi ekonomikoaren edo pandemiaren ondorioa da, eta ez euskal erakundeen politiken ondorioa. Hauek, aldiz, garraioaren, energiaren eta eraikuntzaren sektoreetako enpresa handien negozioa lehenesten dute. Gainera, emisio guztien ordez gure lurraldean zuzenean isurtzen direnen datua kontuan hartzen bada, emisioak %18 handitu dira (EAEn %3 eta Nafarroan %75). Horrek agerian uzten du Hego Euskal Herrian dugun politika eraginkorren gabezia.

Klima aldaketari aurre egiteko ELAren proposamena trantsizio ekosozialean oinarritzen da, planeta eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko duena, eta ez gutxi batzuen negozioa. Trantsizio horretan aurrera egiteko neurri hauetan oinarritu behar da: ekonomia birkokatzean, energia eta material kontsumoa murriztean, energia berriztagarrian oinarritutako energia-trantsizioan eta industria jarduera iraunkorretarantz eraldatzean.