Hego Euskal Herriko ekonomian trantsizioa ezinbestekoa da

2023/01/26
Sortzen dituen inpaktu ekologiko larriengatik jasanezina izateaz gain, ezinezkoa da etorkizun hurbilean ekonomia hau mantentzea. Izan ere, garraioaren eta merkatu globalaren mendekotasun handia duen metabolismo lineal, fosil eta estraktibista baten inguruan dago oinarrituta.

Gure ekonomiak material berriztaezinen “digestore” handi batek bezala funtzionatzen du: lurraldearen kanpotik datozen erregai fosilak eta mineralak eraldatu eta berriz ere bere mugetatik kanpo esportatzen ditu. Ekonomiaren oinarrian industria ekoizpena eta garraioa daude. Iraganean mundu mailako lehiakortasunean arrakastatsu bihurtu gintuzten elementuek, gaur espazio hauskor bilakatu gaituzte.Enplegu gehien sortzen dituzten sektoreak ez dira sektore iraunkorrenak. Gaur egun, lotura sakona dago enplegua sortzearen, hazkunde ekonomikoaren eta inpaktu ekologikoaren artean. Industria sektorean badago lotura bat energia kontsumoaren eta okupazio tasaren artean. Eta energia fosilean oinarritutako garraioa ezinbestekoa da ekonomia lineal eta nazioarteko baterako.

Energia eta materialen murrizteak lanpostu asko suntsitzea ekarriko luke eta ondorioz, zailtasun handia izango luke langile klaseak beren bizitzak sostengatzeko. Beharrak asetzearen zati handiena merkatutik, eta soldatatik, bereizi ezin duen gizarte batean bizi baikara. Gainera, Hego Euskal Herriko ekonomiak erronka handi bati egin behar dio aurre: zaintza lana aitortzea, egiten diren lan guztien artean (produktiboa eta erreproduktiboa) pisu gehien duena baita, eta funtsean ezkutatua eta feminizatua baitago. Eta lana bizitza sostengatzeko bitarteko gisa ulertu beharko da, eta ez kapitala erreproduzitzeko.

Baina posible al da egungo egitura ekonomikoa mantentzea sakoneko aldaketarik egin gabe? Erantzuna begibistakoa da, ez da posible, muga asko ditugu. Alde batetik planetaren mugak daude. Energia fosila eta materialak lortzea gero eta zailagoa da. Eta bestalde, energia berriztagarriek ezin dute daukagun energia fosil kontsumo guztia ordezkatu. Beraz, Hego Euskal Herriko ekonomia, nahitaez, sakon eraldatu beharko da erronka hauei aurre egiteko. Hainbat ildo landu beharko dira horretarako:

  • Materialen eta energiaren kontsumoa murriztea, muga ekologikoen barruan egon arte eta justizia globaleko irizpideei jarraituz. Horrek ondorioak dakartza hainbat ekoizpen sektoretan eta gure eguneroko bizitzan.
  • Energiaren sektorea sakonean berrantolatu behar da. Benetan berriztagarriak eta emantzipatzaileak diren teknologiak behar dira eta egungo energia fosilen ekoizpena geldiarazi eta energia oligopolioa desmuntatu beharko dira.
  • Ezinbestekoa izango da ekonomia birkokatzea. Globalizazioaren ondorioei aurre egiteko, eta baita etorkizun urbilean etorriko zaizkigun energiaren eta materialen eskasiari aurre egiteko ere, gertuko ekonomia zirkular batean oinarritu behar da ekonomia.
  • Ekonomia birkokatzeko industriaren ekoizpen eredua eraldatu eta dibertsifikatu behar da. Material eta energia berriztagarrietan oinarritu behar da industria eta ez esportazioan.
  • Garraioan eraldaketa handia eman behar da, ez da nahikoa izango elektrifikazioa. Merkantzien mugikortasuna murriztu eta pertsonen mugikortasuna garraio publiko eta kolektiboan oinarritu behar da.
  • Agroekologia eta basogintza iraunkorra ezinbesteko sektoreak izango dira etorkizuneko ekonomian. CO2 emisioak xurgatu eta ingurumena babesteaz gain, ekonomia birkokatzeko eta elikadura burujabetza lortzeko tresnak baitira.
  • Ekonomia berrantolatu behar da, erdigunean zaintza, bizitza sostengatzea eta oso feminizatuta dauden zaintza lanen banaketa jarriz.
  • Ezinbestekoak izango dira, baita ere, aberastasunaren banaketa eta enplegua banatzeko lanaldia murriztea.
  • Herritarren beharrak merkatutik pasatu gabe bete ahal izatea, hau da, desmerkantilizazioan aurrera egin behar da. Horretarako, lehentasuna izango da zerbitzu publikoak indartzea, herritarrei beren osasun, hezkuntza eta bestelako beharrak betetzen laguntzeko.


Gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriagorantz aurrera egin behar dugu, eta ELA eraldaketa honen bultzatzaile izan behar da. Ezin dugu enplegua galtzearen edo suntsipen kapitalistaren artean aukeratu. Lan eskubideak eta bizitzarekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak biltzen dituzten trantsizioak bultzatu behar ditugu, borroka, mobilizazioa eta negoziazio kolektiboaren bitartez.