Hego Euskal Herrian hiri hondakinen kudeaketa sistemak ez dira iraunkorrak

Europar Batasunak 2018ko Hondakinen Zuzentarauan hondakinen sorrera murrizteko helburuak finkatu zituen. 2010ean sortutako hondakinak oinarri hartuta, 2020rako sortutako hondakin kopuruak %10 murriztu behar dira, eta 2025erako %13a. Baina Hego Eusakl herrian azken hamarkadan hondakinen sorrera gorantz doa, beraz ezingo dira helburu hauek bete.
Hondakinen tratamenduari dagokionez, organikoa kudeatzeko modurik eraginkoreena eta iraukorrena konpostatzea da, baina oraindik nahiko datu kaskarrak ditugu konpostatze tasari dagokionez, naiz eta Gipuzkoa eta Nafarroan datuak etengabe gora egiten duen. Egoera okerragoa da Araba eta Bizkaian.
Birziklapenari dagokionez, nahiko tasa eskasetan gaude. Europar Batasunak 2025erako hondakinen %55a birziklatu behar dela dio, eta %65a 2035erako. Baina oraindik oso urrun gaude. Gipuzkoa eta Nafarroa soilik gerturatzen dira (konpostatzea eta birziklapena batuz) %50era, baina oraindik bide luzea geratzen da.
Gipuzkoaren kasua oso esanguratsua da, 2013tik tasak behera egin baitu 2018 arte. Hondakinen bilketa selektiboa nahitaezkoa izatetik aukerakoa izatera bueltatu zen hainbat herritan udaletako gobernu aldaketa eman zenean, baita Foru Aldundiko gobernua aldatu zenean ere. Kudeaketa arduratsu eta eraginkorretik erraustegiaren aldeko politika egitera pasa zen eta honek, zoritxarrez ondorioak izan ditu birziklapen tasan. Eta okerragoa izango da erraustegia martxan jartzen denean.
Bizkaiako datua ere aipatu behar da, datu ofizialek hondakin guztien %43,76 berreskuratzen dela baitiote, baina EHUko irakasle eta hondakinen gaian ikerlari den Gorka Buenok, zuzenketa bat proposatu berri du datua %39,4an utziz (azalpena txostenean). Beraz, Bizkaia eta Araba ez dira %40ra ere iristen.
Konpostatzen eta birziklatzen ez diren hondakinek bi aukera dituzte. Batetik, erraustegia. Gaur egun HEHan hondakin asko erretzen da, batez ere Bizkaian. Baina Araba eta Gipuzkoan ere egiten da. Nafarroa da legez erraustea baztertu duen bakarra, momentuz. Gainera laister Gipuzkoako erraustegia martxan jarriko da eta are datu okerragoak izango ditugu.
Errausten ez diren hondakinak zabortegira eramaten dira. Eta nahiz eta gaur egun hondakinen birziklapen tasa baxuek eta tratamendu eskasek zabortegietan arazoak sortzen dituzten, ELAren ustez behar bezala birziklatu ondoren eta ongi tratatuta arazo gutxiago emango lituzketen zabortegiak aukera hobeak dira osasuna eta ingurumenean kalte larriak eragiten zituzten erraustegiak baino.
Gaur egun oraindik ere hondakin gehiegi eramaten dira zabortegietara. Bizkaia da gutxien eramaten duena, baina errausten dituelako, ez gehiago birziklatzen duelako.
Esan bezala zabortegien alternatiba ez da erraustegia. Alternatiba ahalik eta gehien konpostatu eta birziklatu ondoren hondakinak behar bezala tratatuta zabortegi garbiagoetara eramatea da. Baina hau posible izateko hondakinen kudeaketa eredua aldatu beharra dago, erraustegietan zer erre bermatu beharrean konpostatzea eta birziklapena nahitaezkoak egin behar dira. Hau da kudeaketa iraunkorraren gako garrantzitsuena.