Hezkuntzako sindikatuen manifestua sinatu du ELAk Lamiakoko Subflubialaren lanak gelditzea eskatuz
Duela gutxi prentsan irakurri genuenez, Bizkaiko Foru Aldundiak Lamiakoko Subflubialaren lanak datorren irailean hastea aurreikusten du. Berri hau Artaza Romo institutuko irakasle eta ikasleen etorkizunaren inguruko ziurgabetasunez beteriko hilabeteen ondoren dator; adibidez, beste ikastetxe batera lekualdatzeko aukera, edota obren aurretik ikasgelen isolamendua hobetzeko promesa betegabea.
Obren hasierak eragin oso larria izango du Artaza Romo institutuko irakasle eta ikasleentzat, eta klaseen funtzionamendu normala eragotziko du. Gogora dezagun obrak 45 metroko tunel bat zulatzea suposatzen duela, institutuko leihoetatik 55 metro eskasera eta patioaren zati handi bat hartuz. Horretarako, 85 leherketa baino gehiago egingo dira Artatza parkean, Ingurumen Sailak hasiera batean debekatutako teknika, eragin akustiko handia duelako. Leherketen zaratari eta bibrazioei harri-zulatzailearenak eta zamalanetako kamioienak gehituko zaizkie. Esate baterako, 48 kamioi eskola eta institutu ondotik orduero sartu eta irtetea planteatzen da.
Gainera, obran zehar emititzen diren hauts partikulak eta gas kutsagarriak mehatxu larria dira pertsonen osasunerako, eta, batez ere, ikasleen osasunerako. Izan ere, obrak iraungo duen 7 urte baino gehiagoan, zaratak eta kutsadurarak eragin larria izan dezake haien garapenean, eta handitu egin dezake alergiak, haurren asma, bihotz-biriketako gaixotasunak eta trastorno neurokognitiboak garatzeko arriskua, bizitza osoan pairatuko lituzkeenak.
Baina eragin hauek ez dira obretan egongo diren urteetara mugatuko, amaitu ondoren ere jarraituko baitute. Foru Aldundiaren beraren txostenen arabera, eskaera induzituaren ondorioz, institutuaren inguruetan zirkulazioa %33 handituko dela kalkulatu dute. Horrek, ezinbestean, emisio kutsatzaileak areagotzea eta airearen kalitatea murriztea ekarriko du, eta horrek eragina izango du ikasleen eta irakasleen osasunean. Izan ere, subflubiala martxan jartzean gas kutsagarrien igorpen mailek Europako araudiak ezarritako mailak gaindituko dituzte, Aldundiaren txostenen arabera.
Honen aurrean, obrak institutuan izango duen eraginari eta bere etorkizunari buruzko informazio ofizialik ez dagoela salatzen dugu. Aldundiak gelak intsonorizatzeko eta aire girotua instalatzeko konpromisoa hartu zuen, zarata eta hautsa direla eta ezin izango baitira leihoak ireki, baina lizitazio horiek ez dira oraindik egin, eta irailean hasiko dira obrak. Horrek ikastetxeko langile eta ikasleen erabateko baztertzea adierazten du, haien osasuna arriskuan jarriz.
Hau guztia dela eta, Artaza Romoko institutuko langile eta ikasle guztien ordezkari gisa, Bizkaiko Foru Aldundiari Lamiakoko subflubialaren proiektua geldiaraz dezalaeskatzen diogu, Artatza parkearen inguruko ikastetxeetan ikasten eta lan egiten dugunon osasunerako kalteak eragingo baititu. Horren ordez, obra horren aurrekontua ikastetxeetan inbertitzeko, instalazioak hobetzeko, prestakuntza-programa berriak bultzatzeko eta gizarteak eskuragarri dituen hezkuntza-baliabideak handitzeko erabil dadila eskatzen dugu.