Hidrogenoa: deskarbonizazioaren erronkan ez da alternatiba

2022/06/09
Energia fosilaren ordezko gisa hidrogenoarekiko interesa eta propaganda, ez da Eusko Jaurlaritzarena edo Nafarroako Gobernuarena soilik. Europan ere hidrogenoaren aldeko kanpaina bultzatzen ari dira, enpresa energetiko handien eta Europako funtsen eskutik. ELAk argi du hidrogenoa ez dela energia iturri berriztagarria, nahiz eta berdez margotu nahi izan duten ,eta ez dela erregai fosilen alternatiba. Zorionez, nazioarteko sindikalismoaren zati bat ere gure iritzi berekoa da. TUEDek, Demokrazia Energetikoaren aldeko Sindikatuen Sareak, hidrogenoari buruzko azterketa zabala argitaratu du. Dokumentuaren arabera, ahots politiko nagusiek eta sektore pribatuaren interesek hein handi batean moldatu eta zuzendu dituzte hidrogenoari buruzko eztabaidak, eta are gutxiago, zalantzan jarri egungo politikak.

Hauek dira “Benetako koloreak: Ze paper izan dezake hidrogenoak karbono emisio baxuko etorkizun baterako trantsizioan?” txostenak garatzen dituen ideia nagusiak.

Hidrogenoak zeregin garrantzitsua du dagoeneko industriako eta bestelako prozesu askotan. Hidrogeno kantitate handiak erabiltzen dira petrolioa fintzeko, edo, altzairua, amoniakoa eta beste produktu kimiko batzuk ekoizteko, zentral elektrikoetako hozgarri gisa, eta askoz gehiago. Erregai pilen bidez elektrizitatea sortzeko erabil daiteke hidrogenoa, ibilgailuak elikatzeko edo sare elektrikoak elikatzeko. Berokuntzarako edo gas turbinak bultzatzeko erregai gisa erabil daiteke, edo amoniakoa edo erregai bihur daiteke. Printzipioz, "karbonorik gabeko" iturrietatik sor daiteke, eta erregai gisa erabil daiteke, ura hondakin gisa soilik sortzeko.

John Treat, sindikalista eta dokumentuaren egilearen arabera, hala ere, hidrogenoak deskarbonizazioan zeregin garrantzitsua izan dezan, beharrezkoa izango litzateke haren erabilera handitzea -industriaren zati handi batean, baita gaur egun ia erabiltzen ez den sektoreetan ere, garraioa eta energia sorkuntzan, adibidez-, baita hidrogenoaren ekoizpena deskarbonizatzea ere, hidrogeno berdea delakoa ekoiztuz

“Sarean biltegiratzeko hidrogeno berdeari” dagokionez, askok uste dute potentzial handia duela energia eolikoaren eta eguzki energiaren sorkuntzan oinarritutako sistema elektriko deskarbonizatuen zati gisa. Dokumentuak aztertzen ditu energia elektriko erabilgarri gisa hidrogenoa biltegiratu eta birmoldatzeko aukerak, eta esaten du etapa bakoitzean gertatzen diren energia galerak eta oztopo teknikoak direla eta, sektore pribatuak hidrogenoa garatzeko egin behar duen inbertsioan konfidantzarik ezin dela eduki.

Energia eraginkortasunari buruzko zalantza asko dituen teknologia izateaz gain, inbertsio handiak behar ditu, eta badirudi sektore pribatua ez dagoela prest inbertsio pribatu horiek egiteko, bai ordea Europako funtsetatik edo negozioa garatzeko bestelako diru laguntzetatik datorren diru publikoarekin. Alegia, diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko formula zaharraren beharra dute, sakoneko arazoa konpondu gabe: herritarren ongizatea bermatzeko behar den energia trantsizioa.

Txostenaren amaieran, honako hau dio: jabetza publikoan, merkantilizaziotik at eta garapena askean oinarritutako eta irabaziaren logikatik kanpo dagoen ikuspegi batetik garatutako hidrogenoaren (eta beste teknologia batzuen) hedapenak soilik du aukera erreala langileek, sindikatuek, komunitateek eta aliatuek berehala behar duten energia trantsizioa lortzeko.

 

Deskargatu txosten osoa ingelesez:

Benetako koloreak: Ze paper izan dezake hidrogenoak karbono emisio baxuko etorkizun baterako trantsizioan?