Hidrogenoa, etorkizuneko petrolioa izango al da? (II)

2021/04/09
Azken asteetan boladan dabil trantsizio energetikoa burutzeko ezinbestekoa izango dela hidrogenoa eta Hego Euskal Herriko instituzioak ere ideia hori auspotzen ari dira. Baina ba al dakigu benetan zer suposatzen duen hidrogenoak? Ez da posible izango petrolioa hidrogenoz ordezkatu eta denak orain arte bezala jarraitzea.

Teorian, hidrogenoak erabilera anitzak izan ditzake etorkizunean. Hidrogenoaz baliatu daitekeen sektoreetako bat altzairugintza da. Altzairua ekoizteko erregai fosilak hidrogenoaz ordezkatuko balitu Europar Batasunaren berotegi efektuko gasen (BEG) emisioen %8 suposatzen duten emisioak murriztuko lirateke. Industria kimikoak ere hainbat prozesutarako erabiltzen du hidrogenoa, esaterako, ongarrien ekoizpenean, petrolioa fintzeko eta disolbatzaileen ekoizpen prozesurako. Gaur egun erabiltzen duten hidrogenoa ez da berriztagarria, eta sektorearen BEG isuriak EBko %2a suposatzen dute. Bero handia behar duten prozesu industrialetarako ordea ez da egokia izango, gaur egun gas naturala erabiltzen duten beira edo porlan fabrikentzat ez da irtenbidea izango. Baina hauek argindar berriztagarria erabiliz lortu ahalko lukete beraien prozesuetarako behar dituzten tenperatura altuak. Garraiobideetan ere ba du erabilgarritasunik. Itsasontzietan dieselaren ordez esaterako. Bateriekin dabiltzan hainbat itsasontzietan aukera izan daiteke, ez ordea kargaontzi handientzat. Abiazioaren sektorean ordea, erabilgarria izan omen daiteke distantzia luzeetarako.

Hidrogenoaren biltegiratzea beste berriztagarri batzuena baino errazagoa denez, hainbat sektoretan abantaila eskaini dezake. Adibidez haize eta eguzki momentu handietan sorturiko energia berriztagarria biltegiratzeko balioko luke. Etxeetan gas bidezko berokuntza sistemek hidrogenoarekin funtzionatzeko aukera izan dezaketela ere badirudi, baina oraindik teknologia asko garatu beharra dago.

Baina hidrogenoaren erabilera posibleak ugariak diren arren, ezin dugu ahaztu nola ekoizten den. Hidrogenoaren ekoizpenerako beharrezkoak dira ur masa bat eta elektrizitatea. Elektrolisia deitzen den prozesu baten bidez ur masa batetatik hidrogenoa ateratzen da elektrizitatea erabiliz. Prozesu honetan ez da berez BEGen isuririk ematen, eta horregatik sarritan hidrogenoa energia garbi bezala definitzen da. Baina ekoizpen prozesu osoa kontuan hartzen badugu, izan daiteke BEG isuriak izatea, elektrolisiaren prozesuan erabiltzen den elektrizitatea berriztagarria ez bada.

Ekoizpen prozesuan erabiltzen dugun elektrizitatea energia fosiletatik edo nuklearretik eratorria bada, arazoak bere horretan jarraituko du. Gogoan izan behar da EAEn ekoizten den energiaren %9a dela berriztagarria eta Nafarroan %23a. Eta estatuan sortutako elektrizitatearen %20a energia nuklearretik datorrela. Beraz, Hego Euskal Herrian ekoiztu daitekeen hidrogenoaren zati txiki bat bakarrik izango litzateke energia berriztagarritik eratorria gehinez ere. Garrantzitsua da hau gogoraraztea, are gehiago, dagoeneko hidrogenoaren sektorean inbertitu duten enpresa handien asmoek energia berriztagarrietatik oso urruti egongo diren zantzuak eman dituztenean. Saltzen ari zaizkigun hidrogenoaren iraultzak ez du zer ikusirik energia berriztagarriekin.

Hego Euskal Herriko hainbat enpresa handik Europako funtsak bidelagun izanda egin dituzte beraien inbertsioak hidrogenoan. Baina ez dago batere argi hidrogeno hau beraiek dioten bezalako “berdea” izango den. Petronorrek hondakinen pirolisi planta bat eraikiko omen du eta hortik ateratzen den gasarekin hidrogenoa ekoiztu. Hau ez da berriztagarria izango noski. Senerrekin ere badu beste proiektu bat elektrolizagailuak eraikitzeko. Erregai sintetikoak erabiliko dituzte eta hauek BEG emisioak izango dituzte. Beraz hau ere berriztagarria izatetik urrun. Petronor da hidrogenoaren euskal korridore famatua bultzatzen ari dena, baina proiektuak ez daude iraunkortasunari eta berriztagarriei zuzenduta, hala saldu nahi diguten arren.

Zalantza guzti hauei hidrogenoak izango lukeen prezioa gehitu behar zaie, edozein ekoizpen prozesuetan errentagarritasun ekonomikoaren arabera hartzen baitira erabakiak. Alde batetik, elektrolizatzaileek izango duten prezioak erabat baldintzatuko du teknologia honen zabalpena. Eta bestetik, oraindik teknologiaren garapen fase hain goiztiarrean egoteak ez du ahalbidetzen ekoizpen faktoreek nola baldintzatuko duten hidrogenoaren prezioa. Beste zalantza bat argitasun gutxi dituen gaiarentzat, baina badirudi horrek ez diela asko axola inbertsioak proposatzerako garaian, diru publiko ugari iritsiko baitzaie beti bezala, bai Europako funtsetatik eta baita instituzio publikoetatik ere. Beraz, negozioa berdin berdin egingo dute.