Hidrogenoaren euskal korridorea: trantsizio energetikoaren aitzakiarekin negozioak beti bezala egitea (I)

2021/03/04
Aurrean duguna ez da soilik trantsizio energetiko baten beharra. Krisi ekologiko bat ari gara sufritzen eta energia fosilak berriztagarria ez den hidrogenoagatik ordezkatzeak ez du ezer konpontzen. Dugun ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduak planetaren mugekin talka egiten du, eta errotik aldatu beharra dago.

 

Aurkeztu berri da hidrogenoaren euskal korridorearen proiektua. Instituzioek eta enpresa pribatuek bat eginik aurkeztu dute, Petronor buru dutela. Hurrengo urteetan 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioak izango omen ditu hidrogenoaren teknologiak. Horietatik batzuk europar funtsetatik etorriko direnak. Ez bakarrik hidrogenoa bera sortzeko, baita biltegiratzeko eta beste hainbat beharrei erantzungo dieten teknologiak garatzeko ere. Horrelako inbertsio handietan gertatu ohi den bezala, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiek parte hartuko dute eta baita herri honetako enpresa handienek ere, tartean Petronor, CAF, Sener edo Tecnalia bezalakoak.

Asko hitz egiten ari da azken aldian hidrogenoaz baina ez dago oraindik ezagutza handirik teknologia honek suposatzen duenaren inguruan (ze behar material dituen, ze behar energetiko, zertarako erabili daitekeen, ingurumen kosteak,...). Baina zerbait badakigu: batetik hidrogenoaren ekoizpena nolakoa izan daitekeen, eta bestetik zer suposatu dezakeen trantsizio energetikoa bezalako erronka bati aurre egiteko.

Hidrogenoaren ekoizpenean (ur masa batetik hidrogenoa bereizteko) elektrizitatea beharrezkoa da. Elektrizitate hau berriztagarria balitz, hidrogeno berdea deitzen dena lortzen da, hau da, energia berriztagarriekin sortutakoa eta inongo karbono isuririk gabeko hidrogenoa. Aipatutako hidrogenoaren korridorean kontua zera da: hidrogenoa ateratzeko elektrizitatea zein energia iturri erabiliz lortuko da? Gaur egun badaude euskal industrian gas naturala erabiliz hidrogenoa lortzen dutenak (beste erabilera batzuetarako erabiltzen da, ez energia gisa). Gas naturala edo petrolioa erabiliz lortutako hidrogenoari hidrogeno grisa deitzen zaio, ez da berriztagarria eta karbono emisioak eragiten ditu. Beraz, hidrogenoaren teknologia berriztagarria izan daiteke, baina baita energia fosiletatik eratorria ere. Beraz, hidrogenoaren aldeko apustu batek ez du esan nahi berriztagarrien aldeko apustu bat denik. Petronor, eta bera babesten duten erakundeak, ez dira argiak izaten ari gai honetan, baina esaten dutenaren arabera, abiapuntua energia berriztaezinak erabiltzea izango da. ELAren ustez, aukera hori onartezina da.

Guzti honek gaiaren beste hertz batera garamatza, trantsizioarenera. Aurrean duguna ez da soilik trantsizio energetiko baten beharra. Krisi ekologiko bat ari gara sufritzen eta sistema errotik aldatzea eskatzen du horrek. Energia fosilak hidrogenoagatik ordezkatzea (posible den ere oraindik ez dakigu) ez litzateke arazoaren konponbidea izango. Dugun ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduak planetaren mugekin talka egiten du (petrolioaren pikoa pasa dugu, Zaldibar bezalako zabor mendi asko ditugu,...). Sistemaren aldaketa, baliabideak agortzen diren heinean, bai ala bai gertatuko den prozesua izango da. Kontua da nola egingo den eraldaketa hau: gutxi batzuek aberastasuna gero eta gehiago pilatuz, edo, justizia soziala bermatuta egongo den trantsizio ekologiko eta sozial bat aurrera eramanez? ELAk argi dauka bigarren bidea dela jarraitu beharrekoa. Ekonomiaren trantsizio ekologiko eta soziala eman behar dela uste dugu, ez trantsizio energetikoa bakarrik.

Defendatzen dugun trantsizioak planetaren mugak errespetatzen ditu eta justizia sozialaz egingo den trantsizio bat izango da, eta horretarako aberastasunaren banaketa justua beharrezkoa da. Bidean enpleguak galduko dira eredu berri horretan lekurik izango ez duten sektore batzuetan, baina langile horiek sortuko diren beste sektore iraunkorretan sortutako enplegua izango dute. Baina prozesu hau bidean inor kanpoan geratu gabe gerta dadin lanaldiaren murrizketa eta babes soziala gehiago garatzea bezalako neurriak hartu behar dira, eta instituzio publikoek badute ahalmena hau egiteko. Hidrogenoaren teknologia aztertu eta modu egokian garatzeko interesa izatea ongi dago, baina trantsizio guztietan beharrezkoak diren neurriak hartzea ere bai.

Ez da erraza izango justizia sozialaz trantsizio hau aurrera eramatea, krisi ekologikoaren atzean kapitalismoaren eredu basatia baitago, eta langileok ongi ezagutzen dugun etsaiak ez du aberastasuna behar dutenen esku hain erraz utziko. Hor dugu hurrengo urteetarako borroka eremuetako bat ELAn, trantsizio ekologiko, sozial, demokratiko eta feminista burutzea.