TRANTSIZIO ENERGETIKOA
Hirietako teilatuetan plaka fotovoltoaikoak jartzea ezinbestekoa da deskarbonizazioan aurrera egiteko

Hiriak dira kontsumo energetiko altuena duten guneak, eta ondorioz berotegi efektuko gas gehien isurtzen dutenak. Trantsizio energetikorako eta deskarbonizaziorako lehentasuna izan behar da hirietako teilatuetan plaka fotovoltaikoak ezartzea.
Gaur egun landa eremuetan makroproiektu fotovoltaikoen gehiegizko zabalpena egin nahian dabiltza enpresa energetiko handiak, sarritan nekazaritzara bideratutako lurretan. Honen alternatiba plakak teilatuan jartzea da, eta non teilatu gehiago hirietan baino. EHUko ikerlariek dagoeneko eraikita dagoen lurretan eta bertako teilatuetan energia fotovoltaikoa sortzeko dugun potentzialitatea ikertu dute, alternatiba hau benetakoa dela frogatzeko.
Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlanak ondorioztatu du Gasteizko teilatu-azaleraren % 50 dela energetikoki bideragarria panel fotovoltaikoak jartzeko eta, azalera hori erabat aprobetxatuz gero, hiriak urtebetean kontsumitzen duen argindarraren % 38 lortu ahal izango litzatekeela.
Ondorio horietara iristeko erabili duten metodologia Ekopol-ek berak garatu du eta, aipatu bezala, inguru jakin bateko teilatuek eguzki-energia sortzeko duten gaitasuna era oso zehatz batean neurtzea ahalbidetzen du aldagai asko hartzen dituelako kontuan. Gainera, kode irekiko Informazio Geografikoko Sistemak erabiltzen ditu garatu duten metodologiak, hau da, edonorentzat dohainik eskuragarri dauden softwareak, zeinek aukera ematen duten zonalde jakin baten inguruko datuak gurutzatzeko eta automatikoki ondorioak ateratzeko. Metodologiaren ekarpena handia da eta hainbat hiritan halako azterketak modu errazean erreproduzitzeko baliabideak eskaintzen ditu beraz.
Hala ere, ikerlariek ohartarazi nahi izan dute aldaketa ezin dela bakarrik energia berriztagarrien bidetik etorri: “Teilatuetako instalazio fotovoltaikoak bideragarriak eta beharrezkoak dira neurri batean, baina ikusi dugu horrekin ez dela aski. Kasurik muturrekoenean, hiri bateko teilatu bideragarri guztiak estalita ere, ez litzateke nahikoa izango egungo gizartearen energia-eskaerari erantzuteko. Teknologia berriztagarriak erabili bai, baina trantsizio ekosozialaren kontzeptura hurbildu behar dugu; kontsumo-ohiturak aldatuz eta energia-kontsumoaren murrizketa lehenetsiz”.