Hondakin industrialen kudeaketa tamalgarria ez da aldatu azken 10 urteetan

2022/11/08
Hondakin industrialen kudeaketak ez du aldaketarik izan azken hamarkadan, sorkuntza kopuruak gora doaz eta birziklapen tasak bere horretan jarraitzen dute. Zaldibar bezalako zabortegiek posible egin dute beste aldera begiratzea, baina orain kudeaketa tamalgarria begibistan geratu da.

Gure gizarteak duen kontsumo eredua hainbat arazoren iturria da. Neurri gabeko kontsumoak hondakinen izugarrizko sorkuntza ekarri du. Hiri hondakinen aferak oiartzun handia izaten du Hego Euskal Herrian, baina ez horrenbeste hondakin industrialek. Sortzen diren hondakin kopuru osoan askoz pisu handiagoa dute azken hauek (HEHan hondakin guztien %77a dira) eta beraien gestioa ixilpean pasatu izan da, Zaldibarko zabortegia behera etorri zen arte.

Azken hamarkadan hondakin hauen sorkuntzak, bai arriskutsuek eta baita ez arriskutsuek ere, gora egin du etengabe, bai EAEn eta baita Nafarroan ere. Hauei dagokien kudeaketari dagokienez, EAEn 2019an hondakin ez arriskutsuen eta arriskutsuen %65 birziklatzen da. Nafarroan 2021ean arriskutsuen %37 eta ez arriskutsuen %81 birziklatzen da. Birziklatzen ez direnak, zabortegietara doaz. Zaldibar bezalako zabortegiak dira orain arte hondakin guzti hauek jaso dituztenak, eta esan beharrik ez dago zer nolako arazoa supotzen duten. Hondakinen kudeaketari loturiko datu hauek azken hamarkadan ez dira aldatu, ez dago aurrerapenik birziklapen tasetan, eta horrek hondakin industrialen inguruan dagoen politika eza agerian uzten du.

Sektorez sektore aztertuta, EAEn hondakin industrial gehien prozesu termikoen industriak sortzen ditu, bai arriskutsuak baita ez arriskutsuak ere. Nafarroan, hondakin arriskutsuak sortzen dituen sektore nagusia ibilgailuen fabrikazioa da eta ez arriskutsuen kasuan metalurgia.

Hondakin mota hauen kudeaketa ezak sortzen dituen arazoak oso larriak dira, uraren kutsaduratik hasita, bi langileren bizia aurretik eramanzuen Zaldibarko luizirarte. Hala ere, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak ez dute hondakin industrialen inguruko politika sendorik egiten. Ez dute patronalei dirua kostatzen zaien politikarik egiten, eta gizarteak hiri hondakinen inguruan bere gain hartu behar dituen arduretan izkutatzen dira, benetako arazoa enpresek sortzen dituzten hondakin industrialak diren bitartean.