Hondakinak eta erdizkako egiak

2015/05/18
Azken asteetan komunikabide ezberdinetan hondakinen gestioari buruzko hainbat datu argitaratu dituzte, eta denak ez dira egiak.

Edo gutxienez informazio osagarria falta zaie. Hau argitze aldera, hona hemen azalpen zehatzago bat.

Batetik Bizkaiko Foru Aldundiak eman dituen 2014ko hondakinen datuen ingurukoa da lehen azalpena. Foru Aldundiaren arabera, birzikapen indizea %67,7koa izan da 2014an, 2013an %62,5ekoa izan zen bitartean. Baina datu honek tranpa dauka, ez dago hondakinei buruzko Europako Zuzentarauak dioen bezala kalkulatua, beraz ezin da ingurukoen datuekin konparatu. Zuzentarauaren arabera, eta Europako beste herrialde batzuetan egiten den bezala kalkulatuz gero, Bizkaiko birziklapen tasa 2014an %38,5 izan da, 2020rako Zuzentarauak exijitzen duen %50eko birziklapen tasatik oso urrun.

Argitu nahi dugun beste informazioa, komunikabide batzuetan Debagoieneko mankomunitatean hondakinen bilketa kostuaren inguruan esan dena da. Mankomunitatean atez atekoaren ezarpenak hondakinen bilketa kostua %104 garestitu da, egia da eta hori dio Herri Kontuen Epaitegiak eginiko txostenak ere. Baina datu honek esan nahi duena argitu beharra dago, ez baita prentsan zenbaitek erdizka azaldu duena. Bilketa kostua ez da hondakinen kudeaketa  osoaren kostua. Herritarrak ordaintzen duena zera da: bilketa kostua + tratamendu kostua birziklatze salmentak. Bilketa kostua igo egin da esan bezala, baina tratamendu kosteek %27,8ko jaitsiera izan dute eta birziklapen salmentek %59,6ko igoera. Kalkulu osoa eginda, eta Herri Kontuen Epaitegiak txostenean jaso du, dagoeneko ordaintzen den tasarekin bilketa kostua %100ean estaltzen da. Gainera bilketa sistema berriaren ezarpena guztiz amaitzen denean kostuak are gehiago murriztuko dira. Bestalde, txostenak Debagoieneko Mankomunitatearen kudeaketa ekonomiko finantzarioa ontzat ematen du.

Sarritan emandako informazioak ez dira gezurrak izaten baina datuak falta izaten dira egoera osotasunean aztertu ahal izateko, eta azalpen hauek beharrezko bihurtzen dira.