Hondakinei eta Ekonomia Zirkularrari buruzko Lege berria ez da hoberena, baina norabide onean doa

2022/05/10
Hondakinei eta Ekonomia Zirkularrari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen helburua ekonomia zirkularraren oinarriak ezartzea da. Eta sistema errotik aldatzetik urrun geratuko den arren, hondakinen kudeaketari buruzko araudi zorrotzagoa ezartzen du, helburu argiak ezartzen dituelako eta interpretazioari zirrikiturik uzten ez diolako.

Hondakinei buruzko 2008/98/EE Europako Zuzentarauak hondakinak tratatzeko ezartzen duen hierarkian oinarritzen da lege hau: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, beste balorizazio mota batzuk (energetikoa barne) eta ezabatzea. Eskuduntza duten instituzioek hierarkia horren aplikazioa sustatzeko tresna ekonomikoak eta beste neurri batzuk erabili beharko dituztela ezartzen du. Gainera, helburu hori lortzeko neurrien zerrenda bat proposatzen du. Orain arte gure inguruko erakunde batzuek zalantzan jartzen zituzten neurriak: sortzeagatiko ordainketa sistemak, biltegiratze eta itzultze sistemak, hondakinen hierarkiarekin bateragarriak ez diren diru laguntzak kentzea, hondakinen prebentzioa sustatzeko pizgarri ekonomikoak, berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatutako materialen erabilera sustatzeko zerga neurriak, etab.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, helburu hauek ezarri dira:

  • 2025erako 2010ean sortutako hondakinen % 10 murriztea. 2030erako, % 15.
  • Merkataritza azalera handiek azaleraren % 20 eskaini beharko diete ontziratu gabeko edo ontzi berrerabilgarriak dituzten produktuei.
  • Hondakinak bereizita bilduko dira eta ez dira beste mota bateko hondakinekin nahastuko. Bilketa eredu guztien artean eraginkorrenei eman beharko zaie lehentasuna.
  • Tokiko erakundeek edo mankomunitateek, kalitatezko berrerabilpena eta birziklapena errazteko, hondakin organikoen, paperaren, metalen, plastikoen, beiraren, ehunen, sukaldeko olio erabiliaren, etxeko hondakin arriskutsuen eta tamaina handiko hondakinen gaikako bilketa ezarriko dute. Udalerri guztietan, 2024ko abenduaren 31 baino lehen.
  • Etxeko eta komunitateko konpostajea ere gaikako bilketatzat hartuko da.
  • 2035erako gaika bildutako hiri hondakinak gutxienez % 50 izan beharko dira.
  • 2025erako udal hondakinen % 55 berrerabili eta birziklatzeko prestatuko da. 2030erako, % 60. Eta 2035erako, % 65.
  • Debekatuta dago konpondu edo birziklatzeko hondakin bereiziak erraustea, balorizazio energetikoarekin edo gabe, eta zabortegian uztea,. Erabilgarri dagoen beste balorizazio mota baterako erabiliko dira.
  • Berrerabiltzeko prestatu edo birziklatu daitezkeen hondakinak ezingo dira erraustu, balorizazio energetikoarekin edo gabe.
  • Hondakinak zabortegira eraman aurretik tratatu egin behar dira.
  • Zabortegirako, errausketarako eta balorizazio energetikorako tasak ezartzen dira: 40 €, 20 €eta 15 € tona bakoitzeko, hurrenez hurren, hiri hondakinentzat.

Lege honen lehentasunezko beste esku-hartze arlo bat plastikoak dira. Hauek dira erabilera murrizteko helburuak eta neurriak:

  • Erabilera bakarreko plastikoetarako, 2030erako % 70eko murrizketa pisuan 2022arekin alderatuta.
  • Plastikozko botiletarako, 2029rako, merkatuan sartutako pisuaren % 90 bereizita jasotzea. Eta 2027rako % 85eko helburua lortzen ez bada, 2029ko helburua betetzen dela bermatzeko biltegiratze eta itzultze sistemak instalatu beharko dira.
  • Berrerabili ezin diren plastikoentzat zerga berezia ezartzen da, 0,45 € kilogramoko.

Lege honekin, kutsatzen duenak ordaintzen du printzipioa jarraituz, hondakinak kudeatzeko kostuak hondakinaren hasierako ekoizleak, egungo edukitzaileak edo aurreko edukitzaileak ordaindu beharko ditu: beharrezkoak diren azpiegiturei eta horien funtzionamenduari dagozkien kostuak, ingurumen inpaktuei dagozkien kostuak, eta bereziki, berotegi efektuko gasen isurketei dagozkien gastuak ere. Kostu horiek ekoizlearen erantzukizun zabalduaren bidez edo tasen bidez ordainduko dira.

Lege hau ELAk nahi lukeena ez bada ere, norabide onean doazen aurrerapausoak ikusten ditugu, batez ere hondakinen kudeaketaren hierarkiaren interpretazio anbiguoei bidea ixtean. Balorizazioari, errausketari eta zabortegiei dagokienez, legalki zalantza asko pizten dituzten praktikei bide ematen baitzieten. Era berean, ontzat jotzen dugu lege batek hierarkiaren aplikazio zuzena sustatzeko neurrien proposamenak beregain hartzea eta orain arte hondakinak kudeatzen dituzten mankomunitate askok baztertzen zituzten neurriak jasotzea. Erraustegien defendatzaileek orain zailagoa dute horrelako alferrikako azpiegituren iraunkortasuna saltzea.