I. Topaketa Ekologistak antolatu ditu Ziordian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan kokatzen den Natura Gure Ardura ingurumen arloko taldeak, Topaketa Ekologistak antolatu ditu Ziordian (Nafarroa) maiatzaren 19 eta 20rako.
Topaketa honen helburua honakoa da: alde batetik, Iruñean ekainaren 2rako antolatu den Alternatiben Herria babestea; eta, beste alde batetik, mugimendu ekologista antolatzea eta diskurtso bateratua osatzea.
Natura Gure Ardura taldean eta gure kolektiboetan naturari lotutako eskubideekin konprometituta gaude. Hona hemen gure helburuak: ingurumen osasuntsua eraikitzea; pertsonen eta naturaren ongizatean oinarritutako harremanak sustatzea; baliabide naturalak komunitatearen mesedetan kudeatzea (gure belaunaldiarentzat zein etorkizunekoentzat ere); modu iraunkor eta ekologikoan ekoitzitako elikagaien produkzioa; eta, merkatuen interes espekulatiboen gainetik pertsonak eta politika sozialak jarriko dituen bizitza eredua garatzea.
Ziordian hainbat tailer burutuko ditugu: mugimendu ekologista antolatzeko beharraz, gure arteko elkarlana zein izan behar duen, eta aurrera begira hartu beharreko estrategia lantzeko. Era berean, gure formakuntzarako hitzaldi sorta ere antolatu dugu: medikuntza ekologikoaz, desobedientziaz, arlo tekniko-juridikoaz eta ekosozialismoaz.