"Industria Politika Ekosozialista” jardunaldien balorazioa

Oraingoan lantzeko gaia euskal industria politika eta berau aldatzeko beharra zen, aldaketa hau ekologikoki iraunkorra, sozialki justua eta demokratikoki erabakia izanik. Egunean zehar hizlari ezberdinek industria politikari eragiten dioten hainbat esparrutan trantsizioak nolakoa izan behar duen planteatu zuten.
Luis González Reyesek, Ecologistas en Acción taldeko aktibistak, trantsizio energetikoaren beharra aldarrikatu zuen, “gaur egun dugun eredua ez delako iraunkorra epe erdira. Ez dago energia fosilena bezalako alternatibarik. Ez berriztagarriak, ez agroerregaiak, ez energia nuklearra, denek dituzte beraien mugak. Hazkunde ekonomikoa energia kontsumoarekiko proportzioan hazten da, beraz, irtenbidea ekonomia zirkularrean eta desazkundean dago. Ekonomia feminista, solidarioa eta ekologikoa da bide bakarra”.
Amaia Perez Orozco Ekonomian Doktorea da eta “Colectiva XXK. Feminismos, pensamiento y acción” taldeko partaidea. Galdera asko planteatu zituen, baina batez ere azpimarratu zuen denon artean birpentsatu behar dela lanaren arloko beharrezko trantsizioa nolakoa izan behar den, bai lan produktiboarena eta bai lan erreproduktiboarena. “Erreprodukzio sozialaren krisiari buelta emateko aplikatu daitezkeen irizpideak: beharren erresoluzioaren kolektibizazioa eta desmerkantilizazioa, sozialki beharrezkoak diren lanen berrantolaketa eta ongi bizitzearen ardura asumituko den matriz (erre)produktibo bat.”
Josu Larrinagaren arabera, EHUko Antropologia irakaslearen arabera, prometeismoa ez da irtenbidea, hau da, teknologia ez da izango ekoizpen eta kontsumo eredu honek dakartzan arazoetatik aterako gaituena. Berarekin guztiz ados gaude noski.
Alba del Campo, Cadizko trantsizio energetikorako mahaiko koordinatzailea da. Alba del Campok Cadizko udaletxean izan duen esperientziak erakusten digu ez dela makro eskalan bakarrik aldatu behar. Tokian tokiko administrazioetan ere gauza asko egin daitezke trantsizio energetikoa errealitate egin dadin. Cadizen pobrezia energetikoaren aurkako mahai bat osatu dute, non udaletxeak bonu sozial bat sortu duen. Cadizko trantsizio energetikorako mahai bat ere eratu da parte-hartzea, demokrazia eta kultura energetikoaren aldaketa ardatz hartuta. Pobrezia energetikoaren aurkako txoke plan bat jarri dute martxan. Hirian % 29ko langabezi tasa izanda, Cadizko herritarrak udaletxeak aurrera eramaten dituen politika hauen onuradun dira, zoritxarrez hau ez da leku denetan gertatzen.
ELAk defendatzen duen industria politikak ere izan zuen tartea. Sindikatuan urteak daramatzagu ekonomiaren trantsizio sozial eta ekologikoa defendatzen, eta aldarrikapen hau defendatzen dugun industria politikan ere islatzen da. Egungo eredua mugarik gabeko hazkundean dago oinarritua, beraz, etorkizunerako planetaren mugekin bat datorren eredua eta sozialki justua izango dena birpentsatu behar dugu. Horretarako beharrezkoa izango da ekologikoki eta etikoki baztergarriak diren sektoreak murriztu edo desagertzea, eta aldi berean, etorkizuna duten sektoreak bultzatzea, hau da, ingurumena errespetatu eta hobetzen duten enplegu duinak eskaintzen dituztenak. Behar honetatik sortu zen 2014an ELAren enplegu berdeek kanpaina. Bertan kalkulatzen genuen Hego Euskal Herrian 106.000 enplegu berde sor zitezkeela etorkizuneko sektore hauetan.
Euskal Herrian dugun ekoizpen eta kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa sakona egin zen jardunaldia izan zen. Aldaketaren beharra oso argi geratu zen, ekologikoki iraunkorra, sozialki justua eta demokratikoki erabakia izango den trantsizio bat egiteko beharra. Gaur egungo ereduarekin bat ez datozen ezaugarriak izango dira.