Ingurumen fiskalitatea ezinbestekoa izango da ELAk bultzatzen duen trantsizio ekologiko eta sozialean

2022/06/09
Ingurumen-fiskalitatearen helburua ingurumenaren ikuspegitik jarrera positiboak sustatzea da, eta, horrez gain, ingurumen inpaktua duten erabakien arduradunek beste modu batera kontuan hartuko ez lituzketen gizarte-kostuak beren gain hartzea. Horrela, naturaren eta pertsonen kalterako sortutako edo kontsumitutakoa murriztuko da. Aberastasunaren banaketa hain desberdinaren eta sortutako ingurumen arazoekiko erantzukizunik ezaren aurrean, ingurumen fiskalitateak tresna bat izan behar du arrakala hori murrizteko, ez bakarrik ingurumen politikari dagokionez, baita politika ekonomiko eta sozialetan ere.

Arrakala murrizteak klase pobreenei portaera jasangarriak erraztu behar zaizkiela esan nahi du, eta bermatu behar dela ingurumenean eragin handiena duten eragile ekonomikoak direla ingurumen zergen eragile nagusiak.

Ez da gauza berria ELAk aldarrikatzea presio fiskala Europara hurbildu behar dela, baita ingurumen fiskalitatean ere. BPGaren ehunekoari dagokionez, espainiar estatua 25. postuan dago EBko ingurumen fiskalitatearen rankingean; beraz, inguruko herrialdeen fiskalitatera hurbildu behar da, eragile ekonomikoen portaera bideratu, ingurumena babestu eta justizia soziala hobetzeko.

Zerga horiek, batez ere, klima aldaketa arintzera eta baliabideen erabilera jasangarria sustatzera bideratuta daude, energiaren erabilera eraginkorragoa eta energia- eta garraio-sistema garbiagoak bultzatuz. Baina zerga horien helburua ez da dirubilketa handitzea, ingurumenaren gaineko eragin negatiboa duten jokabideak aldatzea baino.

Hori dela eta, beste neurri osagarri batzuk hartu beharko dira aldaketa horiek modu bidezkoan egingo direla bermatzeko:

  • Inpaktua eragiten duten jarduera ekonomiko jakin batzuen edo produktu kutsatzaileen erabileraren ingurumen kostuak jarduera horien arduradunek ordain dezatela.

  • Hobaria eman behar dira gizarte osoarentzat onuragarriak diren eraginak dakartzaten praktika onentzat.

  • Desoreka sozialak murrizteko laguntzak eman behar dira.

ELAren helburu nagusietako bat trantsizio ekologiko eta soziala bultzatzea da, eta horretarako hainbat arlotan egin behar dira trantsizioak. Energia trantsizioaz, ekonomiaren birkokapenaz eta ekonomia zirkularrean oinarritutako industriaz gain, ingurumen fiskalitatea ere gakoetako bat izan behar da.