Ingurumen jardunbide egokien adibideak ELAko atal sindikaletan: ELA Iberdrola

"Egun on guztioi:
ELAn aski ezaguna da ingurumenarekiko dugun konpromisoa. Oraingo honetan gure ekarpen txikia egin nahi dugu eguneroko gai osasungarri batean, ura edatean, alegia. Enpresa, bulego handietan, pixkanaka, ur hotzezko iturriez hornitzen joan da. Era berean, vending makinetan, ur botilatxoak dira gehien erosten diren produktuetako bat. Plastikozko botilatxoak oso "gomendagarriak" ez direla gogorarazi nahi dugu: hondakin asko sortzen dituzte, gure ingurune naturalaren hondatze larria, garraioak eta ekoizpenak ere kutsatzen dute …
Arrazoi horiengatik eta beste batzuengatik keinu soil bat proposatzen dizuegu: kristalezko botila bat erosi eta berrerabili. ELA Iberdrolak are errazago jartzen dizue: 500 ml-ko kristalezko botilen eskaera egin dugu, beheko argazkikoa bezalakoa. ELAk ez du bere kostua kobratuko, interesdun orori euro baten truke emango diogu. Bildutako diru guztia Sagarrak elkarte ekologistari emango zaio. Eta gainera ELA Iberdrolak zenbateko bereko dohaintza egingo dio GKE berari.
Asko dira txorrotako ura edateko aukera emateko ekimena hartu duten jatetxeak (baita Nafarroan legez behartuta daudenak ere), eta, beraz, gure ustez, ez da inolako arazorik egongo jantokietako arduradunekin jatera joaten garenean botilak erabiltzeko orduan. Arazoren bat izanez gero, jakinarazi guri, esku har dezagun.
Ekimenean parte hartzeko, erantzun mezu honi edo jar zaitezte harremanetan hurbilen duzuen ordezkariarekin. "
Beren bulegoetan botila berrerabilgarriak banatzeko ekintza horrekin, 330 € bildu zituzten, eta 660€ko dohaitza egin zioten Sagarrak elkarteari. Eta garrantzitsuena: 330 pertsonak plastikozko botilen ordez botila berrerabilgarri bat erabiliko dute aurrerantzean, plastikozko hondakinen sorrera izugarri murriztuz.
Zorionak Iberdrolako ELAren atal sindikalari!