Ingurumenari loturiko gaiak ELAren 13. Kongresuan

Urtarrilaren 23 eta 24an ELAk 13. Kongresu Konfederala ospatu zuen Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan 736 delegatu eta beste 300 gonbidatu elkartu ginen sindikatuak azken 4 urteetan egindakoa eta hurrengo lau urteetan egingo dugunari buruz hausnarketa egiteko.
Azken sei hilabeteetan ponentzia eztabaidatzen aritu garenean ingurumenari zuzenean loturiko hainbat gai ere eztabaidatu dira. Hurrengo urteetarako ingurumen atalaren lan ildoak zehaztu aurretik, hausnarketa bat egin dugu eta ondorio hauetara iritsi gara:
- Diru bihur daitekeena bakarrik hartzen du aintzat egungo ekonomia-ereduak. Horrenbestez, funtsezko zenbait alderdi ekonomiaren eremutik kanpora geratzen dira, ez baitzaie balio ekonomikorik ematen.
- Gizakiok bi faktore hauen mende gaude: natura, batetik, eta beste gizaki batzuek eskaintzen diguten denbora, bestetik (etxeko zaintza-lanak, alegia, zeinak emakumeek egiten dituzten batik bat). Bai natura, bai denbora mugatuak dira, ordea.
- Naturaren eta gizakion aurkakoa da, erabat, egungo ekoizpen-, banaketa eta kontsumo-eredua. Hiru mundu baino gehiago beharko genituzke Hego Euskal Herriko egungo sistemari eusteko. Beraz, egungo bideak, hazkundearenak, ezin du luzaroan iraun.
- Ekonomiaren alderdi materialaren desazkundea iristen denean, iritsiko baita, kapitalismoak ere hazkunde ekonomiko fiktizio eta espekulatiboa mantentzen saiatuko da. Horregatik langileok desazkunde material hori desazkunde ekonomiko arduratsu batez lagundua izatea bultzatu behar dugu, bi prozesuak justizia sozialean eta oreka sozial eta ingurumenarenean oinarrituak egon daitezen.
- Jarduera ekonomiko guztiak ez dira onuragarriak gizartearentzat, ezta gutxiagorik ere. Hortaz, desafio gero eta premiazkoago honi ekin beharko diogu hurrengo urteotan: bestelako ekonomia bat eraiki behar dugu, non ekoizpenaren oinarria bizitzari eustea den, ez bizitza suntsitzea.
- Krisi klimatiko, ekologiko, sozial, ekonomiko, eta azken finean sistemiko, honen irtenbide bakar bezala ekonomiaren benetako transformazioa bultzatu behar dugu, ekonomiaren birmoldatze sozial eta ekologikoa: energia eta garraio ereduak aldatzea ezinbestekoa izango da, berotegi efektuko gasak isurtzen eta hondakin kantitate handiak sortzen dituzten sektoreak berez desagertuko dira, iraunkorrak diren sektoreak indartu behar dira enpleguak sortzeko, eta globalizazioa alde batera utzita ekonomikoa birlokalizatu behar da.
Hausnarketa hau eginda, ingurumen alorrerako hurrengo lau urteetarako ponentzian onartu diren lan ildo nagusiak ondorengoak dira:
- Geroz eta gehiago ohartzen gara ingurumen-arazoak gure agendara ekarri behar ditugula. Jasanezina da egungo ekonomia-eredua, eta horrek erantzukizun bat dakarkigu, sindikatu garen aldetik, enpresetan jarduten baikara.
- Gai honekiko barne-sentsibilizazioa bultzatu behar dugu, gure aldarrikapen-agendara eraman dezagun lantokietan.
- Negoziazio kolektiboari dagokionez, ingurumenari loturiko aldarrikapenak lantokietara eraman.
- Gizarte-eredu alternatibo baten aldarrikapena dela eta, hainbat borrokatan jardun du ELAk azken urteotan (AHT, Pasaiako portua, hondakinen gestioa, energia eredua, garraio jasangarria, klima aldaketa, elikadura burujabetza, kontsumo arduratsua,...) eta ingurumenari loturiko eragile ezberdinekin kontaktuan egoten saiatu gara, bai hemen bai nazioartean. Gizarte-arazo hauek jorratzen jarraituko dugu, beste erakunde sozial batzuekin elkarlanean.
Beraz, aurreko urteetan egin dugun lanarekin jarraituz eta etorkizuneko lan ildoak zehaztuta, lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen.