Inoiz ikusi diren klima aldaketaren aurkako mobilizazio handienetakoak

Pasa den irailaren 20tik 27ra klima aldaketaren aurka mundu mailan mobilizazioak deitu zituen Global Climate Strike ekimenak. Eta mundu osoan zehar milaka eragilek bat egin dugu hainbat eta hainbat mobilizazio deituz.
ELAk, deialdi honi erantzunez, irailaren 20an ekosozialismoa eta trantsizio energetikoa abiapuntu izan zituen mahaingurua antolatu zuen 300 ordezkarirekin eta ondoren Bilboko kaleetan manifestazioa egin zuten. Aste horretan zehar Hego Euskal Herriko instituzioei klima aldaketari aurre egiteko neurri sorta exijitu zien. Hontaz gain Euskal Herriko hiri eta herrietan eginiko mobilizazioei atxikipena eman eta afiliazioari ekimen hauetan parte hartzeko dei egin zitzaion.
Deialdi honen ildotik, ELAk beharrezkotzat jotzen du Larrialdi Plan bati ekitea, iraunkortasunari justizia sozialaren testuinguruan erantzutea, eta ekonomiaren elementu nagusien (energia, bankuak, komunikazioa, etab.) kontrol publiko eta demokratizaziorako planak garatzea.
Beharrezkoa da pertsonen eta planetaren interesei lehentasuna ematea kapitalaren aurrean, eta horrek aplikatzen diren politika publikoak errotik aldatzea eskatzen du. Izan ere, instituzio ezberdinak (Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua besteak beste) sektore kutsatzaileen interesen menpe daude, energia, autogintza, edo eraikuntza sektoreak esaterako. Argi ikusten da AHTaren aldeko apustuan, non baliabide kopuru izugarria jartzen den gizarte politiken kaltetan eta errentagarritasun ekonomiko, sozialik edo ingurumenekorik ez duen tren bat eraikitzen.
Gero eta argiago ikusten du gizarteak instituzioek gauza bat esan eta beste bat egiten dutela. Eta agian horregatik, irailaren 20tik 27ra deitutako mobilizazio astea baloratzeko arrakasta da hitz egokiena. Agian mobilizatzeko ahalmena ez da beste mugimendu edo kausa batzuen mailara iritsi oraindik. Baina orain arte klima aldaketaren inguruko mobilizazioetan ez da inoiz horrenbeste jende ikusi. Orain galdera garrantzitsu bat erantzun behar da: inflexio puntua izango da? Horrela izan dadin lanean jarraituko dugu. Beti esaten dugun bezala, beranduegi izan baino lehen.