KLIMA ALDAKETA
IPCCren arabera, asmo handiko aldaketak eta azkarrak behar dira sektore eta maila guztietan, klima aldaketaren ondorioak geldiarazteko

Jakinaren gainean geunden. IPCCk 1992az geroztik argitaratu ditu bere txostenak. Bertan, berotegi efektua eragiten duten gasen igoeraren berri eman du, bai eta eragin orokorren eta aurrekaririk gabekoen berri ere. Orain, seigarren ebaluazio txostenaren laburpena argitaratu du. Laburbilduz, egoera txarra da eta okerrera egiten ari da. Hauek dira ondorio nagusiak:
-
Gizateriak eragindako klima aldaketak planeta osoari eragiten dio, eta azkartzen eta areagotzen ari da.
-
Uste baino okerragoa da: eraginak eta arriskuak gero eta larriagoak dira.
-
Guztiz bidegabea da: krisi klimatikoan erantzukizun gutxien duten pertsonei gehien eragiten die.
-
Okerrena etortzeke dago: egungo politikekin, oraingoak baino askoz arrisku handiagoak eta galera itzulezinak izango ditugu.
-
Oraindik ere, planetaren batez besteko berotze-muga (1,5 °C) ez gainditzea lor dezakegu, presazko neurriak hartuta. 2030ean, emisio globalak erdira murriztu daitezke, zero emisio garbirako bideari ekiteko.
-
Erregai fosilak berehala utzi behar dira: Lehendik dugun azpiegitura fosila gehiegizkoa da; beraz, ezin da azpiegitura fosil berririk eraiki, eta ditugunak gutxitu behar dira.
-
Irtenbide errealak behar dira, ez irtenbide faltsuak, ez atzerapenak. Konponbideak bizitza errealean eskaini behar dira, ez modeloetan bakarrik.
-
Ekitatea eta gizarteratzea funtsezkoak dira, ezinbestekoak: horretarako funtsak eta finantzaketa bermatu behar dira.
-
Aldaketa txikietatik eraldaketara pasa behar gara eta sektore guztiek jardun behar dute honetan.
Norabidez aldatzeko aukera dugu, egiten dugunak badu garrantzia. Hamarkada kritiko batean sartu gara. Urte hauetan, munduko emisioak ia erdira murriztu behar ditugu, eta, aldi berean, elikagaien segurtasuna bermatu, pertsonak babestu eta natura leheneratu. Horregatik, ekonomiaren trantsizio ekosozialaren alde egiten du ELAk, etorkizun bizigarria ziurtatzeko.