IPCCren ozeanoei buruzko txosten bereziaren laburpena

2019/10/24
NBErentzat erreferentziazko txosten zientifikoak egiten dituen Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) txosten bat egin du klima aldaketak ozeanoetan eta kriosferan (planetako eremu izoztuetan) izan ditzakeen ondorioei buruz. Txosten horretan, egungo egoeraren larritasunaz eta berotegi efektuko gasak nabarmen murriztu arren izango ditugun ondorio batzuen atzeraezintasunaz ohartarazi du.

Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Adituen Taldeak (IPCC) egindako azken txosten berezian, premiaz jarduteko beharra nabarmentzen da, ozeanoetan eta kriosferan (planetako eremu izoztuetan) aurrekaririk ez duten aldaketa iraunkorrei aurre egitea ahalbidetuko duten ekimen egoki, anbiziotsu eta koordinatuak lehenesteko.

Berotze globala 1° C-koa da industriaurreko mailekiko. Ozeanoak berotu egin dira, haien azidotasuna handitu egin da eta produktibitatea gutxitu egin da. Glaziarrak eta izotz mantuak urtzeak itsasoaren mailaren igoera eragiten du, eta kostaldeko muturreko fenomenoak gero eta bortitzagoak dira.

Irailaren 24an onartutako txostenaren arabera, baliteke pertsona askorentzat itsaso irekia, Artikoa, Antartika eta goi mendiko eremuak oso urrun egotea, baina eskualde horien mende gaude, gure bizitzetan eragin zuzena eta zeharkakoa baitute era askotara, adibidez, eguraldiari eta klimari dagokionez, baina baita energia, merkataritza, garraioa, aisialdiko eta turismoko jarduerak, osasuna eta ongizatea, kultura eta identitateari dagokienez ere.

Aldaketa sakonak gertatzen ari dira ozeanoetan eta kriosferan, munduko hainbat tokitako komunitateei eragiten dietenak:

  • Glaziarrak, elurra, izotza eta permafrostak gutxitzen ari dira, eta proiekzioen arabera hala egiten jarraituko dute, horrek pertsonentzako arriskuak areagotuko ditu; adibidez, lur jausiak, elur jausiak, harri jausiak eta uholdeak. Mendiko glaziarrek atzera egin ahala, uraren eskuragarritasunari eta baliabide horren kalitateari eragiten die, eta horrek hainbat sektoretan eragiten du, hala nola nekazaritzan eta hidroelektrikan. Ur eskuragarritasunaren aldaketek ez diete soilik kalte egingo mendi altuko eskualde horietako biztanleei, baita ibaian behera kilometro askora dauden erkidegoei ere.

  • XX. mendean zehar, itsas mailaren igoera mundu mailan 15 cm ingurukoa izan da, baina egungo erritmoa bikoiztu baino gehiago egin da (3,6 mm urtean) eta etengabe azkartzen ari da. Itsasoaren mailak igotzen jarraituko du mendeetan. Hemendik 2100era 30 eta 60 cm arteko igoera izan liteke, nahiz eta berotegi efektuko gasen emisioak nabarmen murriztea lortu eta berotze globala 2 ºC-tik oso behera mantendu; hala ere, isuriek indartsu handitzen jarraitzen badute, uren mailaren igoera 60 eta 110 cm artekoa izan liteke.

  • Itsas mailaren igoerak muturreko itsas mailako gertakarien maiztasuna handituko du, adibidez, marea altuetan eta ekaitz handietan. Iraganean 100 urtean behin gertatzen ziren fenomenoak urtero gertatuko dira mende erdialdean, eta uharte txiki eta altitude txikiko kostaldeko hiri askoren arriskuak larriagotu egingo dira.

  • Haizeen intentsifikazioak eta zikloi tropikalei lotutako prezipitazioek muturreko itsasoaren mailako gertakariak eta kostaldeko arriskuak areagotzen dituzte.

  • Txostenean egiaztatzen denez, ozeanoen berotzeak eta kimikan izandako aldaketek eraginak dituzte jada elikadura kate ozeanikoaren maila guztietako espezieetan, eta horrek eragina du itsas ekosistemetan eta horien mende dauden pertsonetan. Ozeanoen azidifikazioak eta berotzeak, oxigenoaren galerak eta elikagaien hornikuntzan izandako aldaketek dagoeneko eragina dute itsas bizitzaren banaketan eta ugaritasunean kostaldeko eremuetan, itsas zabalean eta itsas hondoan. Arrain populazioen banaketan izandako aldaketek harrapaketen potentziala murriztu dute mundu mailan. Etorkizunean, are gehiago gutxituko da.

Txostenaren arabera, "Berotze globala industriaurreko mailekiko 2 ºC-tik oso behera mantendu ahal izango dugu gizartearen alderdi guztietan aurrekaririk gabeko trantsizioak aplikatzen baditugu, adibidez, energiaren, lurraren eta ekosistemen, hiri eremuen eta azpiegituren esparruetan, eta industrian. Asmo handiko politika klimatikoak hartzeak eta Parisko Akordioa betetzeko ezinbestekoa den isurketak murrizteak ere ozeanoak eta kriosfera babestuko dituzte, eta, azken buruan, Lurreko bizitza osoa zaintzea ahalbidetuko dute ". Gainera, txostenak zenbait zantzu ematen ditu, agerian utziz zientzia ezagutzak tokiko eta antzinako jakintzekin konbinatzearen onurak, klima-aldaketari lotutako arriskuak kudeatzeko estrategia egokiak prestatzeko eta horien erresilientzia indartzeko.