ITF eta ELA garraio jasangarriaren alde (iritzia)
ITF Garraio-langileen Nazioarteko Federazioa da, eta ELA erakunde horri datxekio. Kongresua Mexicon egin zuen abuztuan, eta han klima-aldaketari buruzko agiri bat onetsi zen, non gerora begirako konpromisoak jasotzen baitira, orainaldiko eta etorkizuneko arazo handi horri aurre egitearren.
Garraio-sektorea da berotegi efektuko gasen igorlerik handienetarikoa. Munduko guztirakoaren %13 sektore horri dagokio, eta ekonomiarik garatuenetan gas-igorpenen %26 garraioak egiten du. Euskal Autonomia Erkidegoan garraioak berotegi efektuko gasen %24 igortzen du, eta Nafarroan %20. Horregatik, eta klima-aldaketaren aurkako borrokan garraio-sektorea giltzarrietako bat izango delakoan jabeturik, ITFk eta kide diren antolakundeek
- Garraio-sektorearen eta orokorrean gizartearen eraldaketa taxutzeko eta burutzeko konpromisoa beren gain hartu dute.
- Garraio jasangarriaren aukerak bultzatuko dituzte. Horretarako, “murriztu-aldatu-hobetu” xedeak hartzen dituzte oinarri, eta gas-igorpenak murrizteko xedea lortze aldera oraingo ekoizpen-sistema globala aldatzea funtsezkoa dela aitortzen dute. Proposamen horrek, aldi berean, milioika kalitatezko lanpostu sortu ahal izango ditu. Giltzarria mugigarritasuna mugatzea da, hortik ateratzen baitira gas-igorpenak. Garraio berri murriztu horrek ez dakar ezinbestez lanpostuak murriztu beharra; are gehiago esan genezake, dauden lanpostuak hobetu daitezke.
- Industria-politika jasangarri batera aldatzearen alde daude. Horrela, igorpenak benetan murriztuko lirateke, eta milioika lanpostu jasangarri, gizartearen eta ingurumenaren aldetik, sortuko lirateke.
- Beharrezkotzat jotzen dute karbono gutxiagoko ekonomia batera aldatzea. Karbono-kredituen sistemari (ETS) ez deritzote eraginkorra, ezta zuzena ere. Ez du balio igorpenak murrizteko, eta garapen garbiko mekanismoak ere ez dira horretarako baliagarriak. Mundu-mailako akordio berri bat egin behar da nazioarteko hegazkintzaz eta itsas garraioaz.
- Garraioko langileei eskatuko diete ingurumenaren zaindari gisa jarduteko. Horretarako, eta gas-igorpenak murrizteko, aldaketa tekniko eta operatiboak sustatu eta bultzatuko dituzte. Herri-administrazioek, beren aldetik, “murriztu-aldatu-hobetu” politikak garatu eta betearazi behar dituzte.
- Garraio-sistema osatu eta jasangarri baten plangintza bultzatuko dute. Garraio-beharrizanak murriztearren, eta merkatuen globalizazioak sortu duen lehia gupidagabea kontrolatzearren berariazko neurriak hartu behar dira. Neurriz gaineko motorizazioa gelditzeko asmoz, mundu-mailako garraio publiko ona eta azpiegitura egokiak garatu behar dira.
- Herrialde industrializatuei klima-krisiaren dagokien erantzukizuna onartzeko eskatu diete.
ELAk ondo deritzo ITFren ebazpen horri, eta energia fosilaren ordez energia berriztagarria erabiltzeko eskatu du. Halaber, sasi-konponbideak alde batera uzteko eskatu du sindikatuak. Esate baterako, abiadura handiko trena, arazo larriak sortzen ditu-eta, besteak beste, lurraldea suntsitzea, hiriguneen eta baserrialdeen arteko desoreka, eta gizarte-gastuaren murrizketa. Bio-erregaiak ere gaitzetsi ditugu, nahiz eta nazioartean gero eta sustatuago izan, zeren lur landuak agortu eta nekazariak kanporatzen dituzte.
Sasi-konponbide horiek ez dira baliagarriak klima-aldaketa gelditzeko; eta askotan egoera, hobetu baino, lorrindu egiten dute. Izan ere, baliabide natural eta ekonomiko itzelak irensten dituzte, ekoizpen- eta kontsumo-sistema aldatzeko beharko genituzkeenak. Aldaketa globala da benetako konponbide bakarra!