Justizia soziala eta klimatikoa eskutik doaz

2019/07/17
Energiaren Eskubidearen aldeko Koalizioak ekainaren 19an eta 20an Bruselan ospatutako energia eskubideari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldi hauetan energiaren gaineko eskubideari buruz hausnartu da, eta bereziki pobrezia energetikoari buruz, batez ere emakumeei eragiten diena.

 

Jardunaldi hauetako eztabaiden ildo nagusietako bat trantsizio energetikoa izan da. Aberastasunaren banaketa bidegabea eta sistema injustuaren testuinguruan, trantsizio energetikoak justua izan behar du. Iparralde globala da emisioen ardura duena eta bitartean beste batzuek 5 dolar baino ez dituzte egunean bizitzeko, jende asko gosez hiltzen da, energiara sarbiderik gabe bizi da....

Jardunaldietan eman diren eztabaida ezberdinetan argi geratu dira bi irizpide. Batetik trantsizioa eta sektore energetikoa botere publikoen esku egon behar direla. Hau horrela ez bada, energia merkantzia gisa tratatzen jarraituko da eta, ondorioz, ez da energia eskubidea bermatuko, enpresen irabaziak izango baitira helburu nagusi. Bestetik, trantsizio energetiko justu batean sortuko diren alternatibetan, izan energia berriztagarri kooperatibak edo berriztagarrien sorkuntza egiten duten komunitate proiektuak, gizarteko talde guztiek, eta batez ere zaurgarrienak, parte hartu behar dute trantsizioa justizia sozialean oinarrituta egon dadin.

Beste ardatzetako bat pobrezia energetikoa izan da. Izan ere, jardunaldi horien helburuetako bat pobrezia energetikoaren aurkako europar sare bat eratzea izan da erabakiak hartzeko zentroetan (Batzordea, Parlamentua,...) eta tokian tokiko mailan presioa egin ahal izateko. Azpimarratu dute hizlari ezberdinek pobrezia energetikoak emakume aurpegia duela, eta horregatik genero perspektiba batetik egin behar dela trantsizio energetikoa. Datuen arabera gizarte zerbitzuetara doazenen gehiengoa emakumea da eta baita energia ordaintzeko laguntzak eskatzen dituztenena ere. Pobrezia energetikoa sufritzeko probabilitate handiagoa dute emakumeek arrazoi askorengatik: lan motagatik, erreprodukzio lanetan denbora gehiago aritzeak ordainduriko lan produktiboan gutxiago aritzea ekartzen duelako, eta gainera sektore prekarioenetan aritzen direlako.

Epe laburreko eta ertaineko estrategiez ere hitz egin da. Gizartearen ahalduntzea eta mobilizazioa funtsezkoak izango dira, mugimendu sozial, ekologista eta sindikatuen aldarrikapenak bateratzeaz gain; hain teknikoak ez diren aldarrikapenak, batzen eta mobilizatzen gaituztenak. Jardunaldien lemak ongi dioen bezala “Justizia soziala eta klimatikoa batera doaz. Defendatu energia eskubidea denontzat”.