KLIMA ALDAKETA

Kapitalismoak eta negazionismo klimatikoak hiltzen dute

2024/11/11
Urriaren 29an Valentzian gertatutako hondamendiaren aurrean, hainbat eragile sozial eta sindikalek, ELAk barne, manifestu bat sinatu dugu, eta bertan salatu nahi dugu gertatutakoa ez dela soilik hondamendi natural bat, baizik eta erantzule batzuk daudela, eta horiek, ezer ez egiteagatik, edo euren irabaziak pertsonen bizitzaren gainetik jartzeagatik, zorigaitz hau eragin dutela.

Klima larrialdia eta haren ondorioak serio hartzeak ekonomia kapitalistaren oinarriak zalantzan jartzea eta eraldatzea dakar, etorriko diren larrialdiei aurre egiteko prestatzearekin batera. Trantsizio Ekosozial Justuaren esparruan nola erantzun jakitea egiteke dagoen betebeharra da.

Valentzian gertatutako hondamendiak agerian utzi du ez gaudela prestatuta larrialdi klimatikoaren ondorioei eta aurreikuspen faltaren ondorio dramatikoei erantzuteko. Baina irabazi ekonomikoen metaketa lehenesten duen eta naturari bizkar emanda eraiki duen eredua ere agerian uzten du.

Ekaitzaren aurreko uneetan, nahiz eta alertan egon, ez ziren beharrezko prebentzio neurriak hartu. Ondorengo uneetan ere, larrialdi zerbitzuak berandu aktibatu ziren eta tragedia are gehiago larriagotu zen. Baina askoz lehenago egin behar zen aurreikuspena, klima aldaketak, historikoki DANA fenomenoaren eraginpean egon den lurralde bati eragingo dizkion mehatxuei aurrea hartzeko. Orain, Mediterraneoa gehiegi berotuta, larriagotu egingo da fenomeno hori, eta are gehiago errepikatuko eta indartuko da.

Gertakari horiek ezertarako balio behar badigute, begiak irekitzeko eta klima larrialdiaren errealitatea ikusteko izan behar da; izan ere, ez dezagun ahaztu ondorio horiek mundu osoan ikusten direla eta dagoeneko biktima gehiago gehitzen ari direla (azken urtean bakarrik gehi ditzakegu Brasilen, Afganistanen eta Indian izandako uholdeak, besteak beste). Klima aldaketak, interes espekulatiboek sustatutako kontrolik gabeko urbanizazioarekin batera, arriskuan jartzen gaitu, bereziki langileok bizi garen auzo eta lurraldeak.

Erakunde sinatzaileok gure kezka eta asmoa adierazi nahi dugu, hiru ardatz nagusitan lan egiten jarraitzeko:

1. Justizia klimatikoaren eta feministaren logika batetik lehengoratzea eta erreparatzea: suntsitutako lurralde bat lehengoratzeak eta konpontzeak, hainbat lehentasun ezartzea dakar. Lehenik eta behin, biktimak erreskatatu behar dira, eta herritar guztiak ahalik eta azkarren arriskutik kanpo daudela ziurtatu; eta, ondoren, kaltetuenak diren guneetara oinarrizko beharrak iristen direla bermatu behar da. Kalte ordain material eta sinbolikoak bermatu beharko zaizkie kaltetuak izan diren guztiei, ahantzi gabe jada egoera zaurgarriagoan zeudenak eta bide ofizialetatik kalte ordainak nekez jasoko dituztenak, edo berehalako laguntza eman dezakeen sarerik ez dutenak. Gainera, lurraldearen leheneratze bat planteatu beharko da, bertako herritarren parte-hartzearekin. Funtsezkoa da berreraikuntza enpresa publiko eta tokikoen esku geratzea, eraikuntza enpresa handiek tragedia aberasteko balia ez dezaten.

2. Erantzukizun politiko eta enpresarialak argitzea. Bizitzak galtzea, neurri batean, erabaki politiko eta enpresarialek eragin dute; izan ere, uholde-arrisku handia izan arren, normaltasunez lan egiten jarraitzea erabaki zuten, eta ez zuten erreakzionatu larrialdiaren lehen orduetan, erabakigarriak izanik. Larrialdiaren prebentzioan eta kudeaketan neglijentziarik egon den zehaztu beharko da, eta gardentasun prozesu bat bermatu beharko da, erantzuleei kontuak ematera behartuko dituena, politikoki eta judizialki. Baita, alarma egoeran, plantillak lanean jarraitzera behartu zituzten enpresa guztiena ere. Erantzukizunen eskaera klima aldaketaren aurrean ezer egiten ez dutenei zabaldu beharko litzaieke, Parisko Akordioaren konpromisoak gorabehera, oraindik ere berotegi efektuko isurketak murriztu gabe jarraitzen baitute.

3. Egokitzapena eta prebentzioa etorkizuneko larrialdiei begira, arriskuak murrizteko: Egunotan egiaztatu ahal izan dugu klima larrialdi egoerei erantzuteko prestakuntza falta larria dagoela. Egoerak instituzioak gainditu ditu, eta, dela ezintasunagatik, dela arduragabekeriagatik, dela kalkulu politikoengatik, berandu eta gaizki jokatu dute. Trantsizio ekosozialaren agendan askoz garrantzi handiagoa eman beharko zaio larrialdien egokitzapen eta prebentzio arloari. Hirigintza planak garatu beharko dira, arrisku horiek kontuan hartuko dituztenak eta urak har ditzakeen lurretan eraikitzea saihestuko dutenak, bai eta eraikita dagoena birplanteatzea ere. Era berean, funtsezkoa izango da uholdeen kasuan uraren abiadura xurgatzeko eta moteltzeko aukera ematen duten eremu naturalak berreskuratzea.

Larrialdi egoerako erreakzioari dagokionez, erantzun publiko komunitario baten aldeko apustua egiten dugu, larrialdi-zerbitzuak zerbitzu publiko integralen esparru baten funtsezko pieza gisa aitortuko dituena, haien finantzaketa zabalduz eta ejerzitotik bereiziz. Baina erakunde sozial, ekologista eta feministok ere prebentzioa eta larrialdiei emandako erantzuna gure agendetan, aliantza esparruetan eta prestakuntza planetan txertatu behar ditugu. “Herriak bakarrik salbatzen du herria”, diote, baina esaldi horrek ez du zentzurik elkartasuna instrumentalizatu nahi duten faxisten eskuetan, ezta hori martxan jarriko duen ehun sozial indartsu eta solidariorik gabe ere.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu lokatza ateratzeko, hornidurak eramateko eta kaltetuei laguntzeko modu nekaezinean lanean egon diren eta ari diren pertsona eta erakunde guztiei. Hauen adibideak itxaropena ematen digu, eta baita egin beharreko bide bat ere, aurre egiten diegun krisi anitzei modu kolektiboan erantzuteko. Era berean, erakunde sinatzaileen konpromisoa idatziz jarri nahi dugu, hemendik aurrera kaltetutako lurraldeetan gertatzen den guztia gertutik jarraitzeko. Ez diegu biktimei ahanzturan geratzen utziko, haiei eta haien senide eta lagunei zor diegu, lanean jarraituko dugu erreparazio justu eta integrala lortzeko, baita ez errepikatzeko bermeak lortzeko ere.

 

Adierazpen osoa eta erakunde sinatzaileak