Klima aldaketa gainean dugu eta geratzeko etorri da

2019/02/22
Inoiz erregistratu diren urterik beroenak izan dira 2015, 2016, 2017 eta 2018 urteak Meteorologiaren Mundu Erakundearen arabera. Honek baieztatzen du klima aldaketak aurrera jarraituko duela berotegi efektuko gasen igorpenen ondorioz. IHOBEren arabera, mende bukaeran, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, tenperatura maximoek 4-5 gradu gora egingo dute.

Industrializazio aurreko aroko (1850-1900) tenperatura batez bestekoa 1ºC gradu igo da 2018an. 2016a izan zen inoizko urterik beroena industrializazio aurreko batez besteko tenperaturaren gainetik 1,2ºC gradurekin. Baina garrantzitsuena tenperaturak epe luzean duen joera aztertzea da, urte bakoitzeko datua bera baino. Eta joera hau goranzkoa da: azken 22 urteetan datuak ditugunetik izan diren 20 urte beroenak jasan ditugu.

Baina tenperatura arazoaren zati bat besterik ez da. Honi gehitu behar zaizkio eragin bortitzak dituzten beste hainbat muturreko fenomeno meteorologiko. Fenomeno hauek mundu osoko herrialde askori eta milioika pertsonari eragiten diete urtero, eta izugarrizko kalteak eragin zituzten ekonomian eta ekosistemetan. Eragin hauek bereziki sentsibleak diren sektoreetan ikusten ari gara jada, alegia, uraren kudeaketan, energian, nekazaritzan edo osasunean. Horregatik izan behar dira mundu mailako lehentasuna berotegi efektuko gas emisioen murrizketa eta klima aldaketaren eraginei aurre egiteko neurriak.

Gerturago etorrita, EAEn jasango ditugun eraginak ez dira txikiagoak izango. IHOBEk argitara eman duen atlas klimatikoaren arabera:

  • Mendearen bukaeran, neguko hilabeteetan muturreko tenperatura minimoek 1-3 gradu gora egitea espero da, baita udan muturreko maximoek 3 gradu gora egitea ere.

  • Donostian, Bilbon eta Gasteizen termometroak 35 graduak gaindituko dituzte egunak urtero 10 gehiago izango dira.

  • 2020tik aurrera, neguan izotza botako duen egunen kopurua erdira murriztuko da, eta astebete baino gehiagoko iraupena duten hotzaldiak desagertuko dira. Udan, ordea, beroaldiak luzeagoak izango dira, eta sarriago gertatuko dira.

  • 2020tik 2050era bitartean, beroaldiek udako egunen %30 hartuko dituzte, eta mende amaieran %50 izan daitezke.

  • Prezipitazioei dagokienez, 2100ean euriteak neguan %5-20 areagotuko dira, eta udan %30-50 murriztu. Orokorrean, euri-jasa handiak izango dira egun gehiagotan, eta egun gutxiago, aldiz, euri arinarekin.

  • Uraren tenperaturak eta itsasmailak gora egingo du eta flora inbaditzailea, lurzoruaren degradazioa, laborantzan eta baso ekosistemetan eraginak eta herritarren osasunean ondorioak areagotu egingo dira.

Datu hauek ez dira berriak, IPCCk (Nazio Batuen Erakundearentzat klima aldaketaren txosten zientifikoak egiten dituen lantaldea) irailean alarma piztu zuen datorkiguna zein larria izango den adieraziz. Eragin hauek okerrera ez egiteko planetaren beroketa 1,5º gradutan geratu beharko litzatekeela azpimarratu zuten, eta dagoeneko gradu bateko beroketa izan dugu. Ez zaigu denbora asko geratzen benetako neurriak hartzeko.