Klima Aldaketa lege berria, baina lehengo lepotik burua
Lege honek hurrengo hamarkadetarako helburuak finkatzen ditu esparru ezberdinetan:
- 2030erako emisioak %30 murriztu beharko dira (1990 oinarri hartuta).
- 2030erako azken kontsumorako energiaren %30 berriztagarria izan beharko da, eta sistema elektrikoan %70 izan beharko da berriztagarria. Energia primarioan, efizientzia neurrien ondorioz, kontsumoa %35 murriztu beharko da.
- 2050erako emisioen neutralitatea lortu beharko da. Hau da, hustubide edo sumideroek xurgatu dezaketen beste BEG emititu ahalko da.
- 2050 aurretik sistema elektrikoa %100 berriztagarria izan beharko da.
BEG emisioei eta energia sektoreari dagozkien helburu hauek azken urteetan aipatzen diren berberak dira, ez dago ezberdintasun handirik. Klima aldaketa gainean dugu eta helburu zehatzak markatzeak baino garrantzi handiagoa du momentu honetan bultzatuko diren neurri edo legedi berriak. Hauei dagokienez, arlo ezberdinetan eragingo du klima aldaketaren legeak.
Alde batetik eraikinen birgaitzea aipatzen da. Sektore hau oso garrantzitsua da, batetik energia eta emisioak aurrezten direlako, eta bestetik bizi kalitatea suposatzen duelako eta pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna delako. Gainera sektore hau benetan bultzatuz gero, iraunkorrak diren enplegu asko sor daitezke.
Bestalde, hiri eta herrietan ere aldaketa handiak iragartzen ditu lege honek, batez ere 2023rako aurreikusten baititu emisio baxuko eremuak 50.000 biztanletik gorako hirietan. Hau da, auto konbentzionalaren erabilera murriztuko da eta garraio publikoa, mugikortasun elektrikoa, bizikleta eta oinezkoei lehentasuna eta bultzada emango zaie. Europako hiriek hartu duten norabidea jarraitzen du neurri honek eta ezinbestekoa izango da klima aldaketari aurre egin nahi badiogu.
Baina, bi neurri positibo eta oso konkretu hauek aipatuta, badira hain positiboak ez direnak ere. Adibidez, energia fosilaren erabilera murrizteko balio duten neurriak aipatzen dira, esaterako fracking eta beste hidrokarburo batzuen esplorazio eta estrakzio baimenik ere ez da emango. Baina aldi berean, ez zaie energia fosilei aterik ixten, beharrizan egoeretan edo alternatibarik ez dagoen kasuetan aldeko neurriak hartu ahalko baitira. Beraz, letra txiki honekin energia fosilei laguntzak bermatzen zaizkie.
Berriztagarriei dagokienez, beraien garapena merkatuaren esku uzten da, legearen testuan bertan berriztagarriak iturri merkeena, industiarentzat errentagarrienak eta konpetitibitatea bermatzen dutenak direla aipatzen da. Energiaren merkatuaren konfigurazio berri bat egin nahi da, figura berriak eta autokontsumoa bezalako gaiak onartuz, baina beti ere merkatuaren logikarekin eta ez energia eskubide gisa hartuz eta berriztagarriak aukera bakar bezala garatuz. Sistemaren elektrifikazioa ere negozio eredu berri gisa hartzen du, eta ez trantsizio energetikorako ezinbesteko pausua bezala.
Merkatuaren eta hazkunderaren logikarekin jarraituz, trantsizio ekologikoa inbertsio aukera gisa eta ekonomiaren hazkundea ahalbidetzen duen prozesu bezala definitzen du, eta ez pertsonen eta gizartearen garapena, ongizatea eta planetaren iraunkortsasuna uztartu ahal dituen prozesu bakarra bezala.
Globalizazioa ere ez da zalantzan jartzen, aire eta itsas garraioari dagokionez planteatzen duen aldaketa bioerregaiak erabiltzearena baita. Ez du ezbaian jartzen mugikortasuna, bai pertsonena bai merkantziena, gutxitu behar denik eta ekonomia eskala txikian birlokalizatu behar denik.
Mugikortasunaren inguruan, betiko neurriak aipatzen dira, orain arte ezer aldatu ez duten berberak: 2050ean emisiorik gabeko autoak izateko sektorearekin lan egin eta ikerketa, garapena eta berrikuntzan inbertitzea.
Industriaren eraldaketa ekologikoari dagokionez, trantsizio justuaren estrategiaren barnean kokatzen du legeak industria. Ez du industria kutsadura iturri bezala hartzen, emisiorik gabeko ekonomia baterantz joateak eragingo dizkion kalteak bakarrik hartzen ditu kontuan. Jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea da industriaren inguruan planteatzen den neurri nagusia, sektore batzuen desagerpena eta beste batzuek sortuko duten onurarik ere ez da aipatzen.
Irakurketa oker honetatik ezin da benetako soluziorik etorri. Egoeraren azterketa oker honekin, merkatuaren logikarekin jarraituz eta etorkizunerako planteatzen diren helburu eta neurri hauekin, ELAn ezin dugu kezkatu beste ezer egin. Azken hamarkadetako planteamendu, helburu eta neurri berdinekin ez da lortuko klima aldaketari aurre egin eta egoera iraultzea. Benetako aldaketa ahalbidetzeko ekonomiaren trantsizio ekologiko, sozial, feminista eta demokratikoa da bidea. Pertsonak erdian jarriko dituena eta ez merkatua. Eta horretan lanean jarraituko dugu.