Klima Aldaketa Legea ez da nahikoa behar dugun trantsizio ekologikorako

2021/05/13
Diputatuen Kongresuak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu berri du. Senatuak onartuko duelakoan, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan nazioarteko konpromisoak betetzea da exekutiboaren helburua. Baina oso urrun dago ekonomiak, gizarteak eta ingurumenak une historiko honetan behar duten trantsizio ekologikoa lortzetik.

 

Mugimendu sozialak, ekologistak eta Kongresuan ordezkaritza duten hint alderdi atsekabetuta agertu dira lege honekin. ELAn ere ez dugu uste hori denik ekonomikoki, sozialki eta ingurumen ikuspuntutik bidezkoa den eredu berri baterantz aurrera egiteko benetan behar dena. Hona hemen bultzatutako neurrietako batzuk eta anbizio gutxi dutenak:

  • Parisko akordioa betetzeaz hitz egiten du, ez berotze globala 1,5 gradutik behera mantentzeaz, hori baita aurreikusi ezin daitezkeen inpakturik ez izateko modu bakarra.

  • Isurketak %23 murriztea 2030erako. Konpromiso hori ez da nahikoa 2050ean isurketa neutroak egoteko.

  • 2030erako beste helburu bat kontsumitutako energiaren %42 jatorri berriztagarrikoa izatea da. Eta 2030ean elektrizitatearen %74 berriztagarriekin sortuko dela eta 2050ean %100. ELAk beti defendatu du %100 berriztagarriekin sortzea, baina 2050ean lortzea beranduegi da. Helburu horiek anbizio handiagokoak izan behar dute trantsizio energetikoaren legean. Baina, gainera, ez da energiaren gehiegizko kontsumoa murrizteko helbururik ezartzen, eta hori da klima aldaketa geldiarazteko ezinbesteko eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko gakoetako bat.

  • Legeak energiaren autokontsumoa babesten du, eta hori beti da positiboa, nahiz eta horretarako jartzen diren baldintzak ikusi beharko diren, baita elektrizitate enpresa handiei esparru horretan emango zaien papera ere.

  • Energia fosilei dagokienez, frackinga eta hidrokarburoen esplorazio berriak debekatuta daude. Egun daudenak ezin izango dira 2042tik aurrera luzatu, baina data hori urrunegi dago berehalako trantsizio energetikorako.

  • Mugikortasunari dagokionez, legeak industrian eta gizartean ibilgailu elektrikoarekiko dagoen joera aldaketa babesten duela dio. Horretarako, 2050erako emisiorik gabekoa izango da ibilgailu arinen parkea, eta 2040an salmentatik kenduko dira CO2 emisioak dituzten ibilgailuak. Bioerregai eta erregai berriztagarri ez-biologikoei ere bidea irekitzen die, erregai horietako batzuek beren kudeaketa jasanezina dela eta duten arriskuarekin.

  • Lege honen aldeko puntu bat garraio publikoa bultzatzea da, mugikortasun iraunkorrari buruzko lege bat eta salgaien garraioan 300 kmtik gorako distantzietan trenbide bidez egiteko helburuak aipatuz.

  • Trantsizio energetikorako behar diren inbertsioak Europako Funtsekin modu kezkagarrian lotuta agertzen dira etengabe Legean. Gaur egun edozein proiektu berdez margotzeko mekanismoa da hau, nahiz eta proiektuak berriztagarriak, jasangarriak eta onargarriak ez izan.

 

Hauek dira Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak planteatzen dituen neurrietako batzuk. Neurrien helburua ez da baliabide mugatuak dituen mundu batean bizitzea merezi duen bizitzaranzko eredua aldatzea. Nazioarteko erakundeek klima aldaketaren aurka legeak egiteko egiten duten eskakizunari irtenbide azkarra eta kaskarra ematen dio. Baina ez da gizarteak bidegurutze historiko honetan behar duena, enpresa handiek beren ospea garbitzeko behar dutena baino, eta aldi berean, negozioa egiten jarraitzen dute besteen sufrimenduaren kontura.