Klima Aldaketaren COP25 Goibilera Chiletik Madrilera pasatzearen benetako arrazoiak

2019/12/02
Urrian jakinarazi zuen Sebastián Piñera Txileko Presidenteak Klimaren goibilera, segurtasun arazoengatik, ez zela Txilen ospatuko. Baina benetako arrazoiak beste batzuk dira. Txileko Presidenteak herria pairatzen ari den egoera jasanezina, giza eskubideen urraketa eta ingurumenaren aurkako bere politikak ezkutatu nahi ditu.

 

Erabaki honen aurrean Ameriketako Sindikatuen Konfederazioak honako adierazpena egin du:

"Ameriketako Langileen Konfederazio Sindikalak (CSA), Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI) adierazpen kontinentalak, Klima Aldaketari buruzko Konferentzian (COP25) Txilek presidentetzari eustearen aurka, honako hau adierazten du:

  1. Eskatzen dugu Nazio Batuek Piñeraren gobernua ez kokatzea COP25eko negoziazioen buru, uste baitugu ez direla konpondu Txilek oraindik dituen arazo larriak, COP25ek beste herrialde batera joan behar izatea eragin zutenak. Horregatik, ez dago baldintzarik Txileko gobernuak gatazka honen erdian horrelako konferentzia baten buru izateko.

  2. COP25eko negoziazioetan Txileko presidentetza eusteko erabakiak fokutik kendu nahi du Txileko herria manifestazio zilegi eta baketsuetan jasaten ari den errepresio eta indarkeria egoera. Lehendakaritza horren zilegitasuna zalantzan ez jartzeak, azkenean, lehentasuna ematen dio klimaren instituzionaltasunari, justizia sozialaren gainetik. Mundu mailan ingurumenari buruzko kezka gero eta handiagoa izateak erakusten digu ingurumenaren babesak lotura estua duela justizia sozialaren eskaerarekin.

  3. Gure arbuioa berresten dugu, beste behin ere, Txileko herriaren aurkako eta Piñeraren gobernua erantzule den indarkeria eta errepresioari, eta babes osoa adierazten diegu CUT Chile eta Unidad Socialen eskaerei eta ekintzei. Joan den urriaren 18tik Txilen bizi diren protesta sozial jendetsuak eragin zituzten arrazoiek zerikusi zuzena dute eredu neoliberal baten ohiko politika atzerakoi eta herriaren aurkakoekin, langile klasearen bizkar inposatzen baititu gehiengo handien miseriaren aurrean gutxi batzuen pribilegioa betikotzen duen sistema baten kostuak. Desberdintasuna etengabe erreproduzitzen duen sistema ekonomiko batean dago oraindik arazoa, gizarte bizitzaren alderdi guztiak merkantilizatuz eta pribatizatuz.

  1. Indar kontserbadoreen eta antidemokratikoen aurrerapen testuinguru batean indarkeria eta setio egoerak igarotzen ari diren Txileko herriari eta Latinoamerikako eta Karibeko herri guztiei elkartasuna adierazten diegu. Elkarrizketa eta herri borondatearen errespetua dira gure herriak bakea eta demokrazia berreskuratzera eraman ahal izango dituztenak."

ELAk guztiz babesten du adierazpen hau eta bere elkartasuna adierazten dio Txileko herriari.