Klima aldaketari aurre egiteko neurririk ez da hartu COP26an, kapitalismoarekin aurrez aurre talka egiten dutelako

2021/11/19
COP26a akordio lotesle eraginkor gabe bukatu den honetan, klima aldaketari eta larrialdi egoera honi benetan aurre egiteko behar ditugun neurriak proposatzen ditu ELAk. Nazioarteko negoziaketetan hartu nahi ez dituzten neurriak dira, kapitalismoarekin aurrez aurre talka egiten dutenak, baina bizitzak erdigunean jarriz gero aurrera eraman beharrekoak.

Jakina da klima aldaketa berotegi efektuko gasek eragiten dutela, eta gas hauen emisio handienak energia sorkuntzak, garraioak eta industriak eragiten dituela. Beraz, logikoa denez, arlo hauetan hartu behar dira neurriak berehala:

  • Zientzialariek ezarri dituzte emisio murrizketak zehintzuk izan ehar diran. 2030Erako emisioak %50 murriztu behar dira eta 2050erako %95a. Emisioak neutroak izatea onartzeak arrisku handia dauka, soluzio faltsu ugari planteazen baitira neutralitate hori lortzeko (emisio merkatuak, CO2a lurperatzea,...).

  • Energia fosilak eta hidrogenoa bezalako soluzio faltsuak alde batera utzi eta energia berriztagarriak garatzea. Berriztagarriekin soilik ezinezkoa izango da dugun ekoizpen eta kontsumo eredua mantentzea, beraz energia kontsumoa gutxitzea ere beharrezkoa izango da arlo guztietan.

  • Energia berriztagarriak garatzeko ez du edozein proiektuk balio. Trantsizio energetikoa oligopolio energetikoaren esku uzteak, hondamendira eraman gaituenaren esku uztea litzateke. Trantsizioa proiektu txkiagoetan oinarritu bhar da, tokian tokiko beharrak asetzeko, herritarron partehartze demokratikoarekin eta sistema publiko baten baitan.

  • Garraioa elektrifikazea ezinbestekoa izango da energia fosilak bertan behera uzteko, bana hainbat adituk diote ez dugula bakoitzak auto elektriko bat eduki ahal izango, ez baitago nahikoa material guzti hori ekoizteko. Beraz, mugikotasuna gutxitzean eta garraio publiko kolektiboaren elektrifikatzean eta sarea zabaltzean oinarritu behar da alternatiba.

  • Mugikortasuna gutxitzeko ezinbestekoa izango da ekonomiaren birkokapena, gertuko sareak sortzea eta globalizazioan atzerapausuak egitea.

  • Gaur egun dugun industria ereduak eraldaketa sakona behar du. Ekonomia zirkularrean oinarrituriko sektoreak bultzatu behar ditu industria politikak. Internazionalizazioa politika honen ardaz nagusia izateak ekonomiaren birkokapena eta mugikortasuna gutxitzea oztopatzen ditu. Bestalde, hondakin industrialen gehiegizko sorrerak eragiten dituen arazoei aurre egiteko,hainbat materialen erabilerari (plastiakoak,...) legez jarri behar zaie muga.

  • Industria kutsatzaileari gas emisioak murrizteko neurri zorrotzak ezarri behar zaizkio. Karbono merkatuak bezalako soluzio falsuak bertan behera geratu behar dira. “Kutsatzen duenak ordaindu behar du” printzipioak ez du dagoeneko ezertarako balio.

Larrialdi egoera honek eskatzen duen trantsizioa modu justuan aurrera eramateko, beste hainbat faktore ere kontuan hartu behar dira:

  • Langileok ezin dugu ordaindu trantsizioaren faktura. Bizigarria izango den planeta batean, enplegua eta lana duinak izan behar dira.

  • Bizitzak erdigunean jarri eta borroka ekofeministak aurrera eramaten ari diren emakumeak klima aldaketari aurre egiteko politiken erabakiguneetan egon behar dira. Trantsizioa justua izango bada, ekofeminista izan behar da.

  • Klima aldaketa eragin duten herrialdeek zor handia dute klima aldaketa gehien sufritzen duten herrialdeekin. Klima aldaketari aurre egiteko, dagoeneko sufritzen dituzten hondamendien kalteak ordaintzeko, eta behar duten garapena finantzatzeko fondoak herrialde aberatsenek jarri behar dituzte. Justizia klimatikoaren printzipioa aplikatu behar da.

Neurri eta printzipio hauek behar beharrezkoak dira bizi dugun larrialdi egoerari inor bazterrean utzi gabe aurre egiteko. Aurrean duguna ez da etsai makala, kapitalismoa da. Baina gero eta leku gehiagotan, egunez egun, bizitza eta planeta erdigunean jartzen dituzten borrokak pizten ari direla ikusteak, bide zuzenean goazela erakusten digu.