Klima Aldaketari buruzko Auzi Estrategikoa espainiako estatuaren aurka gobernuak klima aldaketaren aurrean ezer ez egiteagatik

Ecologistas en Acciónek, Greenpeacek eta Oxfam Intermonek gobernuari salaketa jarri diote aldaketa klimatikoaren aurrean jarduerarik ez izateagatik. Osasun eta ekonomia krisi globalak aurrera jarraitzen duen bitartean, klima krisiak okerrera egin du etengabe. Eragile hauek ohartarazi dute, ELAk egin duen bezala, COVID19aren inpaktuak mundu berri bat birpentsatzera eta eraikitzera behartzen duela, non pertsonen eta planetaren zaintza erdigunean egongo den.
Eragile bultzatzaileek adierazi dutenez, egoeraren erantzun eskasak pertsonak eta ingurumena klima aldaketak dakartzan ondorio katastrofikoak jasatera bultzatzen ditu.
Klima aldaketaren inpaktuak agerian geratzen ari dira mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundeak berak (OMS) COVID19aren pandemia krisi klimatikoarekin lotu du eta Biodibertsitateari buruzko NBEren Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi duenez, prebentzioa sendatzea baino hobea eta merkeagoa da. Biodibertsitatearen galerari eta klima aldaketari heltzean, etorkizuneko pandemiaren arriskua COVID19aren kostu ekonomikoaren %2ra soilik murriztu daiteke.
Artikoaren urtzeak, itsas mailaren igoerak, muturreko fenomeno meteorologikoen gorakadak edo animalia eta landare espezieen iraungitze masiboak urteak daramatzate planetan gertatzen, baina inpaktu horiek bizkortzen ari dira, eta ondorio kaltegarriagoen lehen abisu bat baino ez dira. Penintsula iberikoan, lehorteak, uholdeak eta suteak gero eta suntsigarriagoak dira. Eta, beti bezala, pertsona ahulenak dira arrisku handiena dutenak, ondorioak gehien pairatzen dituztenak, nahiz eta klima aldaketaren ondorioen erantzule gutxienak izan.
Hiru eragile hauek salatu dutenez, estatu espainiarreko gobernuek ez dute bere eginbeharra betetzeko anbizio edo interes nahikorik erakutsi, planetak aurre egin behar dion mehatxu handienaren aurrean. Klima aldaketari aurre egiteko ekintzarik ez dagoenez, eta arazo larri horri erantzuteko plan egokirik ez dagoenez, Europar Batasunak agintzen duen bezala, estatuko gobernua auzitegietara eramateko erabakia hartu dute. "Etorkizun jasangarriaz gozatzeko aukera emango digun klima politika izatea legezko betebeharra da. Herriaren presioa eta justizia izango dira klase politikoa mugiaraziko duen palanka. Horregatik, pertsona askok bat egin behar dute eskaera honekin " ondorioztatu dute. Jasotzen duten herritarren babes guztia Auzitegi Gorenari ematen zaion dokumentazioan sartuko dute, gizarteak klima aldaketaren aurrean jarduerarik ez izateagatik duen kezkaren erakusgarri.
ELAk eman du bere atxikimendua, sinatu zuk ere hemen auziari atxikimendua.