ERRAUSKETA

Kontxako estropadan egingo den errausketaren aurkako giza katea babestu du ELAk

2023/09/07
Errausketaren Aurkako Mugimendua urteroko martxari jarraipena eman beharrean aurkitzen da, Gipuzkoan hondakinen arazoa urtetik urtera larriagotzen ari baita. ELA bertan izango da. Bada hiru urte Donostiako erraustegia hondakinak erretzen ari dela eta gure agintariek beste bi proiektu badituzte buruan, Bergaran eta Zumarragan, “pirolisi” izenaren atzean paper fabriketako hondakinak eta plastikoak erretzeko.

Donostiako erraustegiak sortutako kutsadura, hiru urte bakarrik pasa direnean, oso nabaria da inguruko lur, landare eta arraultzetan,ToxicoWatch fundazio holandarraren analisiek erakusten duten moduan. Bestalde, duela urtebete antzeman zen Arkaitzerreko kutsadurari ez zaio konponbiderik jarri; errekako ur kutsatuak bildu eta Loiolako araztegitik pasa ondoren itsasora bidaltzea bururatu zaie. Ekopol taldeak (EHU) milaka aldiz kutsadura mailak gainditzea eta ehunka aldiz gelditzea/ martxan jartzea salatu eta kanpoko auditoria eskatu du. Sute berri bat, hiru astez energiarik sortu gabe hondakinak erretzea, 42 egunez tratatu gabeko hondakinak erretzea...; etenik ez dute erraustegian geltatzen diren matxurak, istripuak eta irregulartasunak.

Erraustegia martxan jarri aurretik esan genuen bezala, honek Gipuzkoako gaikako bilketan eragin negatiboa izaten hasi da. Azken hiru urteetako (2020, 2021, 2022) datu ofizialak kontuan hartuta Gipuzkoan materia organikoaren bilketa biztanleko 80 kg-tik 75 kg.-ra jaitsi da; biztanleko errefusa, aldiz, 177 kg.-tik 184kg.-ra igo da.

Donostiako kasua are eta larriagoa da; 2015az geroztik ezer egin ez denez, gaiko bilketari dagokionez Donostia da Gipuzkoa osoko datu kaskarrenak ematen dituen herria. Hiru urteko epe berdinean materia organikoaren bilketa, biztanleko 33 kg.-tik 32 kg.-ra jaitsi da eta errefusa 254 kg.-tik 265 kg.-ra igo; Donostian gaika %41a besterik ez da jasotzen, Europako arauek agintzen dutenaren %50aren oso azpitik.

Zaldibarko zulo beltza desagertu denean, eta urtez urte okertzen doan egoera honi irtenbide ekologikoa eman ordez, hondakinen murriztea, berrerabiltzea, birziklapenaren bidez, Gipuzkoako agintariek herrialdea gai desberdinen erraustegiz betetzea baino idea hoberik ez dute. Paparrean 2030 agendaren ikurra daramate eta buruan desarrollismoa, ekonomia, eta honek dakarren kutsaduraren hazkundea.

Egoera tamalgarri honen aurrean Giza Katea antolatu da Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta, irailaren 10ean goizeko 11:00etan.

HONDAKINAK MURRIZTEKO PLAN ERAGINKORRAK BEHAR DITUGU

AHALIK ETA HONDAKIN GEHIEN BERRERABILI ETA BIRZIKLATZEKO GAIKAKO BILKETARIK ERAGINKORRENAK ERABILTZEA ESKATZEN DUGU

ERRAUSKETA EZ DA IRTENBIDEA, EZ DONOSTIAN, EZ BERGARAN, EZ ZUMARRAGAN, EZ INON.

Antolatzaileak: DONOSTIA BIZIRIK, URRETXU-ZUMARRAGA BIZI!, LARRAMENDIKO ARNASA, ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUA.

Babesten dute: EGUZKI, EKOLOGISTAK MARTXAN, ALTERNATIBA, BERDEAK EQUO, EH BILDU, EZKER ANITZA-IU, PODEMOS, CCOO, EHNE, ELA, ESK, LAB, STEILAS.