Kopenhage ondoren aurrerapausorik ez (iritzia)

2010/11/24

Ia 20 urte pasa dira Rioko Gailurrean, 1992an, berotegi efektuko gasen murrizketaren beharra onartu zenetik. Hau izan zen abiapuntua ondorengo urteetan Kiotoko Protokoloa sinatzeko. Geroztik ziurtasun zientifikoak gero eta nabarmenagoak dira. Gizakiaren jardueraren ondorioz gertatzen ari den klima aldaketa errealitatea da: tenperaturen igoera, fenomeno meteorologikoen gogortasuna, lehorteak, uholdeak, itsaso mailaren gorakada, migrazioak, giza eskubideen urraketa handiagoa,… Begi-bistakoak dira egun sufritzen dugun eredu ekonomiko kapitalistaren mugak. Eredu aldaketa behar-beharrezkoa da.

Baina gobernuak ez dira gai izan arazoari aurre egin eta konponbide bat zehazteko. 2009ko abenduan munduko gobernuak Kopenhageko COP15ean bildu ziren. Orduan klima aldaketari aurre egingo zion akordio lotesle bat espero genuen, Kiotoko Protokoloaren ondorengoa izango zena, baina “Kopenhageko Akordioa” besterik ez zuten sinatu. Akordio honek herrialde bakoitzak proposaturiko emisio murrizketak aipatzen zituen, baina inongo konpromisorik hartu gabe. Momentu hartan agintari gehienak oso gustura agertu ziren sinadurarekin eta 2010eko COP16an akordio loteslea egongo zela ziurtatu zuten.

Medioetan entzun ere ez da egiten baina berriro ere iritsi da momentu erabakigarria izan beharko litzatekeena. Azaroaren 29tik abenduaren 10era Cancunen COP16a biltzearen bezperan gaude, eta esan dezakegu oraingoan ere ez dutela ezer egingo. 2010ean zehar luzera begirako egoeraren irakurketa komuna egin dute, aurreko goi-bileretan bezala, egoera oso larria dela eta irtenbideak bilatzeko konpromisoa dutela esanez, baina testu hau ez da sekula erabaki trinko bihurtzen. Urte osoa izan dute negoziazioetan aurrera egiteko, baina horren ordez atzeraka doaz. Akordioa zegoen puntuez aritu dira soilik (finantziazioa, klima aldaketaren eraginetara egokitzea, teknologiaren transferentzia,…) eta adostasunik ez dutenak alde batera utzi dituzte, emisioen murrizketa konpromisoak adibidez. Herrialde bakoitzak bere horretan mantendu ditu “Kopenhageko Akordioan” sinatutako murrizketak. 2010ean zehar gertaturikoa ikusita, zer espero dezakegu Cancunen ospatuko den COP16 goi-bileraz?

Zoritxarrez asko ez. Gaur egun daukagun tresna bakarra Kiotoko Protokoloa da eta bere etorkizuna etsigarria, 2012an indarrean egoteari utziko baitio. Ordurako beste itun bat egon beharko litzateke baina argi geratu da ez dela akordio loteslerik egongo, puntu konkretu batzuetan bakarrik egongo da negoziazioa eta adostasuna, gainontzekoak aurreragorako utziz. Benetako irtenbiderako beste urte bat itxaron beharko dela gutxienez esango digute. Agintariak, beraiek, ari dira esaten jada COP16a bildu aurretik, ez dela akordio loteslerik egongo eta COP17a izango dela helmuga. Baina 2010ean gertatu dena ikusita, nork sinistuko du 2011n ezer egingo dutenik?

Baina ez bada ezer sinatzen, Kiotok herrialde batzuei emisioak murrizteko ezartzen dien derrigortasuna desagertu egingo da. Honek atzera pausu handia ekarriko du, berriro ere herrialde bakoitzaren borondatearen esku geratuko baita krisi klimatiko eta ekologiko honi buelta ematea. Egoera ezin okerragoa izango litzateke, herrialde askoren borondate eza agerian geratu baita azken urteetako negoziazio prozesuan. Kioto ez da tresna ona izan, herrialde askok ez baitute oraindik sinatutakoa bete eta herrialde kutsatzaile denek ez zutelako murrizketa derrigortasunik. Baina lehen pausu bat zen klima aldaketari aurre egiteko. Hurrengo urteetarako ez bada murrizketa konpromiso gogorragorik eta derrigorrezkorik hartzen, ez dira nahikoak izango adostutako finantziazioa, eraginen adaptaziorako neurriak eta teknologiaren transmisioa. Ez bada benetako irtenbide bat ematen, atzera ezinezko puntura iritsiko gara berandu baino lehen.