Koronabirusa eta klima aldaketa: guztiz lotuta dauden bi lehentasun

Aurreikuspenek adierazten dute 2020 honetan berotegi efektuko isurketak murriztu egingo direla 2019rekin alderatuta. Koronabirusa geldiarazteko hasierako neurriek (kale hutsak, fabrika asko itxita, autorik gabeko errepideak …) airearen kalitatea hobetu duten arren ezin zaio balio handirik eman. Txinan (isurketen %25eko murrizketa) eta beste herrialde batzuetan pandemiaren ondorioz izandako isurketen murrizketa, aldi baterako gertaerak baitira. Gainera gobernuek krisitik ateratzeko hartzen dituzten neurriak sarritan gehiegizko kontsumoan eta natur baliabideen gehiegizko ustiapenean oinarrituak izaten dira.
Birus honek gure ohiturak ere aldatu ditu, eta batzuk epe luzean klima aldaketaren aurka egiten lagun dezake: etxetik lan egitea, bideokonferentzia bidezko bilerak, egun gutxiago lan egitea, tokiko kontsumoa,... Telelana handitu egin da, baina aldaketa kultural, antolakuntzakoa eta teknologikoa behar ditu. Aldaketa horri esker, joan etorrien kostu ekonomikoa eta ingurumenekoa murrizteko aukera dago, kontziliazioa errazteaz gain. Enpresek ondorioztatu beharko lukete planetarentzat ona dena badela beraien hornikuntza kateak era guztietako arriskuen aurrean babesteko modua ere, izan klima aldaketarekin zerikusia dutenak, edo izan pandemia globalak.
Egoera hau frogatzen ari da trafikoaren eta industria kutsatzailearen jarduera murriztea bezalako neurriek berehalako ondorioak dituztela, bai ingurumenean, bai kutsadurak eragindako gaixotasunak jada pairatzen dituzten pertsonen osasunean. Ez da ahaztu behar espainiar estatuan urtean 16.000 heriotza izaten direla atmosferako kutsadurak eraginda.
Une honetan koronabirusaren inguruan mundu mailako kezka dagoen arren, klima aldaketaren aurkako borrokan ahaleginak ez dira murriztu behar. Koronabirusa aldi baterako izatea espero da, aldi baterako eraginak dituena, baina klima aldaketa urte askoan egongo da hemen eta etengabeko ekintza eskatzen du. Klima aldaketak ere ondorioak ditu pertsonen osasunean eta gure gizarteetan, koronabirusa baino askoz larriagoak sarritan. Epe laburrean eragin ekonomikoa izango du birusak, baina berotze globalak eragindako galerak masiboak izango dira.
Eta ezin dugu ahaztu egoera honetan zerbitzu publikoak jokatzen ari diren papera, murrizketa handiak eta pribatizazioak jasan ondoren, osasun krisi honetatik ateratzeko funtsezko lana egiten ari dira. Pandemia osteko egoera une erabakigarria izango da koronabirusari aurre egiteko baldintzarik onenak ez izatera eraman gaituen sistema hau aldatzeko neurriak hartzeko.
Aldaketa erradikalak egiteko aukera da hau, bizitza erdigunean jarriz eta planeta babestuz. Daukagun ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredua hausnartzeko eta birpentsatzeko unea, baita lan egiteko modua ere.