Krisi ekologiko eta sozialaren aurrean antolatu!

2022/02/16
Ainhara Plazaola - ELAko Ingurumen arduraduna
Klima aldaketaz urte luzez daramagu hitz egiten. Dagoeneko gutxik zalantzan jartzen duten errealitatea da. Emergentzia klimatikoa edo ekologikoa ere barneratu dugun kontzeptua da, baita instituzioek ere, propaganda egiteko besterik ez bada ere. Zoritxarrez, denborak aurrera egin ahala egoera okerrera doa, fenomeno hauek sortarazten dituzten ondorioak gertuago ditugu eta geroz eta larriagoak izaten ari dira. Ez gara uholdeez edo lehorteez soilik ari, langileen bizi baldintzak okertzeaz, eta sarritan lan baldintzak ere prekarizatzeaz ari gara. Klima aldaketa eta emergentzia ekologikoa langileen kontua ere badela esaten dugunean, honetaz ari gara.

Azken hilabeteetan hainbat lantegitan geldialdiak egin behar izan dituzte hornikuntza arazoak izan dituztelako. Arazo honen atzean pandemia dagoela esan dute askok, Asiako herrialdeetan ekoizten diren produktuen menpekotasun izugarria dugula beste batzuek, eta Suezeko kanalean ez aurrera ez atzera geratu zen itsasontziak ere eragina izan omen du beste batzuen ustez. Denak ere arrazoi koiunturalak omen dira, konponduko direnak. Gutxik onartzen dute honen atzean dagoen beste arrazoietako bat, nagusiena ez bada: energia eta materialen eskasia.

Azken hilabeteetan hainbat sektoretan eskasia hau oinarrian duten gorabeherak ezagutu ditugu: autogintzan txipak falta dira, altzairutegietan energiaren garestitzeagatik geldialdiak, altzairuaren garestitzearekin eolikoen eraikuntzak behera... Egoera batek besteari eragiten dionez, katean etorri dira ondorioak beste sektore guztietara. Eta langileon lan eta bizi baldintzetan ere eragina izaten ari da, sindikatuan egunero ikusten ari garen errealitatea da.

Material eta energia eskasiagatik pairatzen den krisia ez da koiunturala, ez da ezer egin gabe berez konponduko. Ez dago nahikoa energia eta nahikoa material planeta honetan dugun ekoizpen eta kontsumo eredua (batzuk beste batzuk baino askoz gehiago) urte luzez sostengatzeko. Arazoa estrukturala da, ez bada eredua aldatzen okerrera egingo du eta abiada biziagoan gainera. Eta langileon bizitza eta lan baldintzetan eragin izugarria izango du.

Baina gu ez geldi geratuko krisi honek langileon bizitzak prekarioagoak bihurtzen dituen bitartean. ELAk, beste krisietan egin duen bezala, egoera honen aurrean langileak antolatuko ditu eta borrokatuko du. Aurrean duguna berdez margotutako betiko kapitalismoa da, betiko politika neoliberalak eta ankerrak inposatzen dizkiguna.

Baina guk hondamendira eramaten diguten politikak baztertu eta alternatibak badaudela aldarrikatzen dugu. Gure bizitzak eta ingurumena erdigunean jartzen jarraituko dugu. Eta noski beste eragile sozial eta ekologistekin aliantzak egiten jarraituko dugu, borroka hau denona baita.