EUSKAL HERRIKO ESKUBIDE SOZIALEN KARTA

Krisi ekosozialari aurre egiteko jardunaldiak irailaren 30ean

2023/06/12
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak iragarri du jardunaldiak antolatuko dituela irailaren 30ean Garaion Sorgingunea Espazioan, Araban. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta konfluentzia espazioa da eta bertan parte hartzen dute Euskal Herriko hainbat eragile, herri mugimendu eta sindikatu.

“Su txikien itsasoa” ekimenak Euskal Herriko Jendarte Mugimenduen arteko Topaketa-Jardunaldi bat antolatzea proposatzen du. Ekimenaren helburua ondorengoa da: “Trantsizio Ekosozial justurako ardatz nagusiak eta funtsezko aldarrikapenak denon artean adostea”. Eta horren alde egingo da kalea aktibatuz, baina ez modu puntualean, baizik eta ahalik eta modurik jarraituenean eta koordinatuenean. Horrela, behar-beharrezkoa den gizarte mugimenduen arteko zoru komun edo oinarrizko adostasun bat eratzen hasi nahi da.

Hori dela eta, orain dela hilabete batzuk “hitz egin eta entzun” prozesu bat martxan jarri zen, honako helburuekin:

  • Ahalik eta eragile gehienekin elkartzea, ekimena zertan den azaltzeko eta eragileon kezkak eta lan ildoak zeintzuk diren jakiteko.
  • Eta ekarpenak jaso ondoren, krisi ekosozialari aurre egiteko ardatz nagusiak adosteko.

Hau guztia amankomunean jartzeko irailaren 30ean jardunaldi batzuk egingo ditu Kartak Araban, Garaion Sorgingunea espazioan, hain zuzen ere. Egun osoko jardunaldiak izango dira.

Bertan, eragile ezberdinen esperientziak eta lan ildoak entzuteko aukera egongo da. Aldi berean, lan taldeak egingo dira krisi ekosozialari aurre egiteko oinarrizko aldarrikapenak adosteko. Kartak herri honetako edozein eragile, sindikatu, herri-mugimendu edo norbanakori luzatzen dio jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena.