Krisi klimatikoak eta Covid19arenak neurri berdinak behar dituzte

Egoera berezi honetan, ekonomiaren eta gizartearen jarduerak geldiarazi direnean, airearen kutsadura eta berotegi efektuko gasen (BEG) beherakada handia ikusi dugu. Baina beherakada hau momentukoa da eta ez du eraginik izango klima aldaketaren aurkako borrokan. Hala ere, osasun larrialdi honek badu harreman estua klima larrialdiarekin. Birus hau hain azkar eta mundu osoan zabaltzearen arrazoietako bat globalizazioa da, gehiegizko mugikortasunak eragin du hainbesteko zabaltzea. Ingurumen degradazioak ere pandemiekiko dugun esposizioa handitzen du. Dugun gizarte antolaketa konplexuak ere zaildu egin du egoera, eta nola ez, aurretik egin diren osasun arloko murrizketak eragin larria izan dute.
Luis Gonzalez Reyesek aipatzen du artikulu honetan egun hauetan ospitaletan hartzen ari diren erabaki zailak badutela klima aldaketaren aurrean hartu behar direnekin antzekotasunik. Erabakirik onenak hartu ezin direnean, hain txarrak ez direnak hartu behar dira. Hau da, ospitaletan hartu beharreko erabakirik onena denei arnasgailuak ematea litzateke, baina behar diren arnasgailurik ez dagoenean beste erabaki batzuk hartu behar dira, egoeraren arabera hartu daitekeen erabaki onena hartu behar da. Klima aldaketaren aurrean hartu beharreko erabakiekin alderatzen du berak. Klima aldaketak milaka urtez iraungo du dagoeneko, BEG isurketak guztiz gelditu arren. Ekosistemen suntsiketarekin eta energia eskuratzeko zailtasunekin ere berdina gertatuko da. Beraz, errealitate hau kontuan hartuta erabaki behar da, dagoeneko egoera optimoa ez baita posible.
Krisi honek erakutsi digu baita egun batetik bestera iritsi daitekeela krisi sistemikoa, eta egoera horretan bizitzaren sustengua bermatzen duten lanak direla garrantzitsuenak, ezinbestekoak izango diren bakarrak. Argi geratu da elikadura, osasuna, zaintza, eta orohar, zerbitzu publikoei loturiko sektoreak direla bizitzarako ezinbestekoak, “esentzialak”. Beraz, trantsizio sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoa aurrera eramateko hartu beharreko neurriak sektore hauek indartu eta gainontzekoak egokitzera bideratu beharko dira: desazkundea, ekonomiaren birlokalizazioa, lan jardunaldiaren murrizketa, bizitzeko beharrak merkatutik kanpo asetzeko mekanismoak martxan jarri,...
Covid19aren krisialditik irtetzeko botere ekonomikoak lanean ari dira jada, eta ez aurretik aipaturiko bidean, kolapsora eraman gaituen sistema berriro martxan jarri eta areagotzeko bidean baizik. Haibat herrialdek ingurumen legediak bertan behera utzi dituzte, Txinak ikatzaren erabilera bultzatu du,.. Neurri hauek ingurumena suntsitu eta BEGen gorada eragingo dute eta krisi klimatikoa areagotuko egingo da. Erabakiak globalizazio ekonomikoa areagotzeko hartzen ari dira, eta ez birlokalizatzeko. Eta sistema honek berriro shock egoeretara eramango gaitu: erregaien desabaztezimendura, ondorioz merkantzien desabastezimendura, eta ondorio sozioekonomiko larrietara berriro. Horrelako egoerak areagotu egingo dira etorkizunean.
Krisi honetan ikasi dugun ikasgaietako bat gertutasuna eta kolektiboaren indarra izan da. Bizitzaren erreprodukziorako behar duguna munduaren beste puntatik ekarri beharrik ez dagoela eta zerbitzu publikoetatik eta komunitate batean bizitzetik lortu ditzakegula ikasi dugu. Bizitzeko oinarrizko beharrak merkantilizatuta egon arren badaude hauei erantzuteko beste modu batzuk eta egun batetik bestera martxan jartzea posible izan da. Ez dezagun hau ahaztu hilabete batzuk barru birus honi buruz hitz egiteari uzten diogunean.
Pairatzen ari garen krisi guzti hauek kapitalismoaren kolapsoaren eragina dira. Osasun krisiaren irteera aukera bat da, ez dezagun utzi betiko errezeta neoliberal globalizatuen esku. Badaude alternatibak, momentu ezin hobea da hau alternatiba guzti hauek aurrera eraman eta burujabetza soziala lortzeko.