Kutsadura elektromagnetikoa: ikustezina baina arriskutsua (iritzia)

2011/04/27

Gure inguruan, gero eta gehiago dira uhin elektromagnetikoak igortzen dituzten aparatuak. Gure lurraldea goi-tentsioko ehunka kilometro kablek eta euren eremu elektromagnetikoek zeharkatzen dute. Transformadore elektriko asko udalerrien barruan daude, batzuk etxebizitza eraikinetan, inguruko bizilagunak eremu elektromagnetikoen eraginpean etengabe egonarazten. Telefonia mugikorraren antena asko ikusi daitezke teilatuetan eta ugaritzen doaz, 2009an EAEn %16,7ko gehikuntza egon zen. Wifi teknologia ere gero eta ohikoagoa da etxebizitzetan, lantokietan zein leku publikoetan. Inolako kontrolik gabe ipintzen ari dira. Wifiaren igorpen maila mugikorren antenen hirukoitza da. ELAk wifiaren aurkako jarrera azaldu zuen bere garaian jada, eta ikastetxeetan kablea ezartzea exijitu zuen.

Gailuok eremu elektromagnetikoak sortzen dituzte, ikusten ez den kutsadura. Uhin elektromagnetikoen benetako ondorioak ez daude nahiko frogatuta. Hala ere, hainbat ikerketa zientifikoren abala duten arrisku-seinale kezkagarriak daude. Eta ELA ez da kezka duen bakarra. Europako Parlamentuak onartutako bi ebazpenetan, eta hainbat zientzialarik eta adituk sinatutako Salzburgeko Ebazpenak ere honako honen beharra ikusten dituzte:

- Prebentzio Printzipioa baliatzea. Horren arabera, ekintza zehatz baten ondorioen inguruko ziurtasun zientifikorik ez dagoenean, babes-neurriak hartu behar dira. ELAren iritziz, funtsezkoa da alderdi hori. Gailu horietako asko modernotasun-irudiarekin lotzen diren arren, eta eurak sustatzen dituzten enpresek jokoan interes ekonomiko handiak dituztelarik ere, osasunaren eta ingurumenaren babesa aurretik jarri behar da.

- Legeria aldatzea, legez ezarritako gehienezko erradiazio-mugak nabarmenki murriztea eta biztanleria osoa eta bereziki eremu elektromagnetikoen zuzeneko eraginpean diharduten langileak babesteko neurriak hedatzea. Une honetan indarrean dagoen legeria ez da nahikoa. Horrexetaz baliatzen dira enpresak eta instituzioak, sarritan, oraingo egoerak indarreko legeria bete egiten duela argudiatzeko. Hego Euskal Herrirako ezarritako legezko babes-muga 450 µw/cm2-koa da, beste herrialde batzuetan xedatutakoa (Italian 10 µw/cm2, Suitzan 4 µw/cm2 edo Austrian 0,1 µw/cm2) modu asaldagarrian gainditzen duelarik. Zientzialariek eremu elektromagnetikoetarako gomendatutako muga 0,1 µw/cm2-koa da.

Eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteak, epe luzera, ondorioak izan ditzake. Medikuntzako Nobel Saria emateko eginkizuna duen Karolinska Institutuak eta Osasun publikoko adituek eginiko BioInitiative ikerlanek hainbat ondorio argitaratu dituzte kalte hauen inguruan. Hauek diotenez gehienezko emisio maila baino baxuagoen eraginpean egoteak ere eragiten du. Epe luzera Alzheimerra eta emakumeetan bularreko minbizia eragin dezakeen arrisku faktorea omen da eta umeen artean leuzemia kasuak ere ugaritu daitezke. Haur eta nerabeen garapenean eragin dezake. Telefono mugikorra 10 urtez edo gehiagoz erabiltzeak buruko tumoreak eragin ditzaketela diote. Wifi sistemari dagokionez, erreakzio alergikoak sortu eta immunitate-sistemaren ohiko funtzioak aldatu ditzaketela pentsarazten duen nabaritasun handiak daude, baita minbizia eta garunean kalteak ere. Gaur egun, tamalez, duela bi urte baino ebidentzia gehiago daude kalte hauei dagokienez.

Zientzialariek bereziki gomendatzen dute umeek telefono mugikorrik ez erabiltzea. Mugikorra garunetik hurbil ez ipintzea eta esku libreko sistemak, testu-mezuak eta abar erabiltzea proposatzen dute. Ez deritzote egoki leku publikoetan, batez ere ikastetxeetan, wifi teknologia ipintzeari. Mundu osoan, gero eta gehiago dira umeek, haurdun dauden emakumeek, gaixo kronikoek eta adineko pertsonek telefono mugikorrik, wifirik eta haririk gabeko telefonorik ez erabiltzea gomendatzen duten erakunde ofizialak.

ELAk gomendio horiek guztiak abian jar daitezen exijitzen du. Ez dezagun bat egin oraingo permisibitatearekin, horren oinarria legeria ezegokia eta instituzioek arlo honetan negozioa egiten duten enpresekin egindako itunak dira eta. Neurriak premiaz hartu behar dira eta benetan gertatzen ari denari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea ere aldarrikatzen dugu. ELAk gure osasuna babesteko eskubideari lehentasuna ematea exijitzen du. Bide luzea egin behar da, eta ezin gara geratu urte batzuk barru zer gertatuko den ikusteko zain, orduan, agian, damutu egingo baitzaigu erabaki egokiak garaiz hartu ez izana.