Kutsadura eta generoa: emakumeoi gehiago eragiten digu kutsadurak (ere)

2019/02/20
Medio ambiente y salud, Carme Valls-Llobet mediku endrokrinologoak argitaratu duen liburuan azaltzen du gaixotasun askoren jatorria ingurunea dela eta emakumeoi gehiago eragiten dizkigutela gaixotasun hauek gure gorputzak toxinen bioakumulatzaileak direlako.

Hazkunde industrial intentsiboak eragin larriak ditu, eta pertsonek eta ekosistemek prezio altua ordaindu behar dute. Ez dira fabriketako tximiniak eta itsasoetan isurtzen diren erregaiak kutsadura honen eragile bakarrak. Atentzio berezia jarri behar da jaten ditugun elikagaietan, arnasten dugun airean, edaten dugun uretan, kosmetikoetan, edo aparatu elektronikoetan.

Mediku honek gogorarazten digu jaten ditugun elikagaien %45ek hondakin toxikoak dituztela, batez ere pestizidak. Gure bizitzan egunerokotasunean erabiltzen ditugun 3.000 sustantzia kimikoetatik %85aren toxizitatea ez da ezagutzen. Inguruan ditugun sustantzia toxiko hauek hautemanezinak dira eta gure gorputzetan izango duten eragina dosiaren eta esposizio mailaren araberakoa izango da. Oreka hormonala alda dezaketen sustantzia kimikoak, erradiazioak, edo eremu elektromagnetikoak sortzen dituzten mugikor, ordenagailu, wifi edo mikrouhinek gure osasunean eragin zuzena dute.

Pertsonek sustantzia hauen aurrean dugun kalteberatasuna sexuaren eta adinaren araberakoa da. Handiagoa da emakumeongan gorputzak toxinen bioakumulatzaile gisa funtzionatzen baitu. Faktore biologiko honek emakumeak ingurumen degradazioaren ondorioz kaltetutakoen lehen lerroan jartzen gaitu eta sufritu ditzakegun gaixotasunak ondorengoak izan daitezke: hilerokoaren zikloan aldaketak, ugalkortasunean eta ugalketan arriskuak, hilerokoaren aurreko eta obario polikistikoaren sindromea, pubertaro aurreratua, malformazio kongenitoak, obesitatea, fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentsibilitate kimiko anitza edo tiroidearen funtzio alterazioa.

Gaixotasunak ezin daitezke aztertu modu isolatuan, kontuan hartu behar dira bizi baldintzak, lanbidea, kultura, adina, etnia edo klasea. Liburuak azpimarratzen du norbere gorputzarekiko izan behar dugun zaintza, baina gogoratuz beti irtenbidea kolektiboa izan behar dela eta ingurumen arloko politika publikoen eskutik etorri beharko dela.