Bidenen Klima Gailurrak ez du zerikusirik klima aldaketaren aurkako borrokarekin

2021/05/13
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak munduko 40 buruzagi deitu zituen apirilaren 22an, Lurraren egunean, klimari buruzko konferentzia bat egiteko. Baina bilera horretan gertatutakoak agerian uzten du bertaratutakoen konpromiso eta anbizio falta; izan ere, etorkizuneko emisioen murrizketa eskasak iragarri dituzte, eta hauek betetzeko neurririk ere ez dituzte hartzen.

 

Munduko potentzia handiek emisioak murrizteko helburu “anbiziotsuen” itxura egin nahi badute ere, ez da nahikoa izango planetaren berotzea 1,5 gradutik gorakoa ez izateko, ezta 2 gradutik gorakoa ere. Oraingoz 1,2 graduko beroketa izan dugu, eta orain arte iragarritako murrizketekin, berotze globala 3 gradukoa izango da. Inoiz ezagutu gabeko egoera jasanezin batera eramango gaitu.

Nazio Batuen Erakundea urtez urte ohartarazten ari da, bere hitzetan, egoera beldurgarri bat planteatzen ari dela. Berotze globalaren ebidentziak eta inpaktuak pilatzen ari dira. 2020. urtea erregistroak direnetik hiru urte beroenetako bat izan zen, beste biak 2016a eta 2019a izan ziren. Joerak bere horretan jarraitzen badu, ebidentziak hala izango dela esaten baitu, 2021a ere ohi baino beroagoa izango da.

Baina 2021a ez litzateke esanguratsua izan behar errekorrak hausteagatik bakarrik, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ere inflexio puntua izan beharko litzatekelako baizik. NBE, nazioarteko beste erakunde batzuk, mugimendu sozialak, ekologistak eta ELA ere horixe eskatzen ari dira. Glasgowko COP26 azaroan egingo da, 2020an egin behar bazen ere. Ordurako herrialdeek Parisko Akordioan jasotakoak baino isurketak murrizteko plan anbiziotsuagoak aurkeztu behar zituzten, baina 2020. urtearen amaieran 75 herrialdek baino ez zituzten handitu konpromisoak.

Espero dezagun gainerakoek 2021ean egitea, baina azken hamarkadan gertatutakoa ikusita, nahiko inozoa da horrela pentsatzea. Parisko akordioa betetzeko anbizio nahikoa balego (klima aldaketa geldiarazteko bermea ez dena), 2050erako emisioetan neutraltasuna lortu beharko lukete herrialdeek. Hau da, 2050ean, ozeanoek eta lurrak xurgatzen duten adina isuriko litzateke, eta ez litzateke atmosferan isurketarik geratuko.

Oraingoz, AEBk egin du aldaketarik deigarriena; izan ere, Parisko Akordioarekin bat egin du berriro, eta kklimaren konferentzia batera deitu ditu munduko 40 lider, herrialdeek isurketak murrizteko konpromisoak handitu ditzaten presioa egiteko asmoz.

Baina ez gaitezen engaina, Bidenen mugimendu honek gehiago erantzuten dio munduko politikaren lidergoari berrekiteko duen gogoari, benetako klimaren anbizioari baino. 2030erako emisioak %50 murriztea jarri du helburutzat. Ez nahikoa. Txina ere ez dago lanean, 2030era arte emititzen jarraitzea du helburu, eta 2060rako emisioen neutraltasuna. Bi herrialde horiek dira munduan gehien isurtzen dutenak, eta, beraz, etorkizuna hurbilago dago 3 graduko berotzetik 1,5 gradutik baino, eta horrek inpaktu larriak eragingo ditu. EBk 2050erako isurketen neutraltasunaren alde egiten du, baina munduko isurketen % 10 baino ez da, eta, beraz, ez du eragin handirik.

2020-2030 hamarkada erabakigarria izango da, bai murrizteko konpromisoak zabaltzeko, bai konpromiso horiek betetzeko premiazko neurri zorrotzak hartzeko. Behin eta berriz errepikatzen dugu, baina, ez dago denborarik.