LAA berrikusketari ELAk alegazioak aurkeztu dizkio

2014/12/01
Lurralde Antolaketarako Artezpideak (LAA) EAEn Administrazio ezberdinek politika sektorialak (etxebizitza, azpiegiturak, basogintza, ingumena, garapen ekonomikoa, ekipamenduak,...) lurraldera eramateko planifikazio tresna dira.

LAA-k helburu gisa izan behar dute 60-70 urteetako desarrollismoaren kontrolik gabeko hiri eta industria hazkundearen eraginak zuzentzea. Tresna-estrategiko funtzioa ematen zaie lurzoruaren erabilera arduratsuan eta kohesio sozialean oinarrituriko lurralde eredu bat lortzeko.

Gizarte eragile ezberdinen bultzatutako eta Eusko Legebiltzarrean 2013ko otsailean onartutako mozio batek, 2011an aurreko gobernuak aurkezturiko funtsezkoa ez zen aldaketaren Aurrerapena atzera botatzea eta LAAren benetako berrikuspena egitea eskatu zion Gobernuari. Horretarako herritarren parte hartze prozesu zabal baten bidez gaur egungo erronka ekonomikoak, sozialak, ingurumenekoak, genero ikuspuntukoak, kulturalak eta paisaiarenak kontuan hartzeko eskatuz. Baian Parlamentuaren eskaerari ezikusiarenak eginez, Eusko jaurlaritzak ez du LAAren inongo ebaluazio eta berrikuspen prozedurarik hasi. Guztiz kontrakoa, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean publikazio hutsa egitea bezalako zalantzazkoa den eta parte hartze eskasa duen metodoa erabiliz, LAAren zati bat den “erresidentzia kuantifikaziorako formula” bakarrik aldatuko zela iragarri zuen. Formula honek udaletako hirigintza planek etxebizitzak eraikitzera bideraturiko lurzorua izendatzeko erabili behar diren irizpide lotesleak ezartzen ditu. Nahita utzi dira alde batera azken urteetan bultzaturiko lurralde ereduari buruzko eztabaida, eta honen eraginen eta ondorio ebaluazioa.

Arrazoi guzti hauengatik eta gure kritika helarazteko, ELAk ondorengo alegazioak aurkeztu zituen:

1. Baldintzatutako berrikusketa. Lurraldea, bizi garen ingurua, merkatuko produktuak ez bezala behin eta berriro sortu ezin dena, ikuspuntu integral eta integratzaile batetik ordenatu eta planifikatu behar da. Lurralde ereduari buruz egin beharreko eztabaida zatitzeak eta etxebizitza eraikuntza eta eskaintzaren hazkundea lehentasun bezala jartzeak lurralde antolaketarako proposamen berri oro sakonki baldintzatzen ditu. Lurralde eredua antolatzeko tresna izan behar direnak, zehaztuta geratuko dira hilabete batzuk barru hasiko den lurralde ereduaren inguruko benetako eztabaida ireki aurretik.

2. Burbuila inmobiliarioaren formula. 1997Ko LAAren erresidentzia kuantifikazioarako formularen osagaiak, “hazkunde selektiboak”, “habitat alternatiboak” eta “eskaintzaren zurruntasunaren zuzenketa” deitzen direnek bereziki benetako etxebizitza beharren aurreikuspenean efektu biderkatzailea dute. “Esponjamendu koefizientea” deitzen denak, populazioaren bilakaeraren arabera behar diren etxebizitza kopurua x1,5 egitera behartzen ditu udalak. Hau da, udaletxe guztiek beraien Hirigintza Plan Nagusian egindako etxebizitza beharraren aurreikuspena baino %50 gehiagorako lurra kalifikatu behar du. Bestalde Eusko Jaurlaritzatik diote formula honek Hirigintza Planetan gehiengo muga bezala egiten duela, ezin baitaiteke etxebizitza aurreikuspena x3 baino gehiago egin. Baina mugatzat hartu ahal daiteke etxebizitza beharra %300ean puztea posible egiten duen koefiziente bat? Formula honen neurriz kanpoko emaitzek burbuila inmobiliarioari atea irekitzen diote.

3. Aurrerantzako ihesaldia. Formularen egokitze bezala aurkezten da aldaketa hau, baina urte hauetan formula honek izan dituen eraginak ebaluatu gabe. Asmo on asko aipatzen dira, gehiegizko lurzoru kontsumoaren inguruko kezka, hiri konpaktuaren aldeko apustua, hiria birgaitzeko beharra,... Baina formulan ez da osagai berririk sartzen gutxieneko helburu batzuk kontuan hartzeko, esaterako, gutxieneko birgaitzerako, lurzoruen gutxieneko berrerabilerarako edo urbanizazio sakabanatuen hazkundeari mugak jartzeko. 1997Tik indarrean dagoen formularen osagai berak errepikatzen ditu, eta aldaketa tekniko bat egiten zaio soilik. Etxebizitza berrien eraikuntza erritmoa moteldu egin dela ondorioztatzen da, burbuila inmobiliarioaren lehertzea aipatu ere egin gabe. Gainera, hirigintza desarrollistaren eta hiriaren hazkunde estentsiboaren formula hau, Europan martxan jartzen ari diren hiriaren Birgaitze Integralerako estrategietatik guztiz aldentzen da, hiriaren birgaitzea eta kohesio soziala bilatzen duten estrategietatik hain zuzen.

4. Formula hau etxebizitza eskubiderako gizarte politikekin kontraesanean dago. Formula honek bizkarra ematen die politika sozialei eta etxebizitza izateko eskubideari. Formula honetan ez dute lekurik Etxebizitzarako Paktu Sozialak ez eta Legebiltzarrean tramitatzen ari diren Etxebizitza lege proiektuak ere. Azken honek propietatearen erabilera soziala erregulatzen du etxebizitza duin bat eskuratzeko eskubidearen mesedetan eta etxebizitza hutsen gainean du eragina. Formulan ez da etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko gakorik sartzen, eta behin eta berriro, erresidentzia eskaintza kuantifikatzeko formula autojustifikatzen du etxebizitza beharrarekin. Proposamen hau Administrazio Publiko batetik etorrita, behar hau aipatzen denean etxebizitza duina izateko eskubideari buruz ari dela suposatu behar da.

Arrazoi guzti hauengatik, Lurralde Antolaketarako Artezpideetan Erresidentzia Kuantifikatzeko Formulari dagokionean aldaketa partziala egiteko proposamena erretiratzea eskatzen dugu, tresna hau laster hasi behar duen LAAk aldatzeko prozesuan erabakitzeko. Eta Eusko Legebiltzarreko 2013ko otsaileko mozioak eskatzen duen bezala, prozesu honek helburu izan dezala hiritarron parte hartzearen bidez etorkizuneko erronkei aurre egitea arlo ekonomiko, sozial, ingurumeneko, genero ikuspuntuko, kultural eta paisajistikoetan.