Larrialdi klimatikoa ikusten ez duenarentzat: 2022an tenperatura eta CO2 kontzentrazio altuen errekorrak izan dira, eta ondorioak latzak

Europan, erregistroak ditugunetik, inoiz izan den udarik beroena izan da, eta urte osoko tenperaturak kontuan hartuta, bigarren urterik beroena. Mundu mailan berriz, bosgarren urterik beroena, eta denak 2016tik 2022ra bitartean erregistratu dira. Planetaren urteko batezbesteko tenperatura 1991-2020 epealdikoa baino 0,3°C altuagoa izan da. 1850-1900 epealdikoa baino 1,2°C altuagoa.
Zortzigarren urtez jarraian, industrializazio aurreko batazbesteko tenperaturek 1ºC baino gehiagoko beroketa izan dute. Siberia eta Antartidako batazbestekoek 2ºC baino gehiagoko igoera izan dute 1991-2020 epealdiarekin alderatuz. Datu hauek oso kezkagarriak dira, komunitate zientifikoan adostasuna baitago: planetaren beroketa 1.5ºC baino gehiagokoa izateak ondorio atzeraezinak ekarriko ditu.
CO2 kontzentrazioei dagokienez, 2022an igoera 2,1 ppm-koa (milioiko parte) izan da, azken urteetako antzeko erritmoa izaten ari da igoera. Atmosferako kontzentrazioa 417 ppm-koa da orain, 2 milioi urtean izan den kontzentraziorik altuena da.
Esan beharrik ez dago CO2a eta beste gas batzuen kontzentrazio altuak eragiten duela klima aldaketa, eta kontzentrazio hau gora doan heinean, egoera larritzen joango dela. Azken urteetako joera etengabe goranzkoa da, beraz, ez gara ari klima aldaketa geldiarazten, ezta gutxiago ere.
Gure inguruan hainbat eragin ikusi ditugu aurtengo udan. Tenperatura altuek, eta hauen ondorioz izan dugun lehorteak, suteen izugarrizko gorakada ekarri dute. Baina planetako txoko guztietan izan ditugu muturreko fenomeno klimatikoak.
Antartidako itsasoko izotz maila azken 44 urteetako baxuena izan da. Artikoko datuek ere gauza bera adierazi dute. Ipar eta Hego Poloetan inoiz erregistratutako tenperaturarik altuenak izan dira. Eremu tropikal eta azpitropikaletan ere tenperatura oso altuak izan dituzte monzoi garaian eta honek Pakistanen eta Indian bero bolada izugarriak eragin zituen. Pakistanen gainera prezipitazio errekorrak izan zituzten, eta honek uholde izugarriak eragin zituen herrialdearen zati handi batean. Txinan bero boladak lehorte handia eragin du udan. Australiak ordea,batezbesteko tenperaturak baino baxuagoak izan ditu eta uholdeak herrialde osoan.
Urtez urte egoerak okerrera egiten du eta ondorio hauz gain beste batzuk ere ikusten ari gara. Hainbat krisi eta gatazka eragingo ditu. Dagoeneko gertazen ari dira. Lurra eta uraren kontrolagatik gatazkak piztu dira jada, eta urtez urte areagotzen joango dira. Beraz, ez da klima kontua bakarrik.
Egoera honen aurrean, berriro ere berdina esan behar dugu: ondorio okerragoak ekidin nahi badira, beharrezkoa izango da emisioak murriztea eta klima aldaketara egokitzea. Horrela ez bada, badakigu nolako etorkizuna izango dugun.