Larrialdi klimatikoari aurre egitea ere borroka feminista da

Pobreziak eta larrialdi ekologiko egoera honek migrazio handiak eragiten ditu. Herrialde askok transnazionalen estraktibismoagatik pairatzen duten arpilatze eta pobretzeak migrazioak eragiten ditu. Mugak itxita daude pertsonentzat, baina ez lehengai eta salgaientzat. Migratzen ez dutenek ordea kutsadura, pertsonen lekualdatzea, haien lurrak defendatzen dituzten liderren jazarpena, suntsipena eta heriotza pairatzen dute. Estraktibismoari loturiko borrokak dirauten lurraldeetan, beraien baliabideak ez lapurtzeko borroketan ari direnak emakumeak dira gehienbat eta borroka hauen ondorioz emakume indigenak hiltzen eta desagertzen ari dira. Migratzea ez da erraza, ezta lurra defendatzen geratzea ere.
Gerra gehienak interes geopolitiko eta ekonomikoak dituzten herrialdeek eragin dituzte, estraktibismoak bultzatuta sarritan. Kapitalismoak biziraun dezan ezinbestekoak diren erreserba natural eta energia iturri anitzak dituzten lurraldeetan kontrola hedatzeko eta asmo kolonialistak sendotzeko eragiten dira gerrak. Trasnazionalek ere helburu bera dute, beste herrialdeetako baliabideak bereganatzea gero eta etekin gehiago izateko. Desjabetzea, bere egitea eta akumulazioa ziren Europarrek kolonialismoarekin zituzten helburuak, ondasun naturalen eta immaterialen estrakzioa eta espolioa gauzatzea, gaur egun trasnazionalek egiten duten bezala.
Enpresa transnazionalak 70. hamarkadan hasi ziren hedatzen, iparralde globalean egoitza zuten enpresek haien negozioak hegoalde globalera zabaldu zituztenean. Herrialde horietan lasai esplota baitzitzaketen langileak, kontrolik gabe arpila zitzaketen ondasun naturalak, eta zerga oso baxuak ordain zitzaketen, nahiz eta horrek kalte larriak eragin biztanlerian eta lurraldean. Sistema honek gaur egun arte jarraitu du. Globalizazioarekin iparralde-hegoalde mugak lausotu egin dira eta etekin handiagoen izenean langileen esplotazioan are gehiago sakondu dute mundu osoan zehar. Eta iparralde globaleko ondasun naturaletan ere jarri dute arreta.
Botere korporatiboak eta trasnazionalen jarduerak ondorio zuzenak eragiten ditu, baina ondorio hauek ez ditugu berdin sufritzen gure herrialdearen, klasearen, arrazaren, migrazio-egoeraren edo generoaren arabera:
-
Zor ekologikoa hegoaldeko herrialdeekin, arpilatzea eta hondakinak esportatzea.
-
Proiektu erraldoiak egiteko lurra eta urak bereganatzea eta lurraldeak kentzea.
-
Airea, ura eta lurra kutsatzea, bioaniztasuna galtzea eta larrialdi klimatikoa.
-
Lan eskubideen urraketa eta erdiesklabotzari dagozkion lan baldintzak.
-
Lanpostuen suntsiketa eta oinarrizko ondasunen garestitzea.
-
Migrazio behartuen eraginez gizarteko eta komunitateko sareak haustea eta bizitzeko moduak suntsitzea.
-
Segurtasunik eza, gatazkak eta ekonomia kriminalaren hedapena.
-
Kutsaduraren eta osasungintza pribatizatzearen eraginez osasuna kaltetzea.
-
Lanaren banaketa sexuala, zaintzak berriro ere etxean sartzea eta nazioartekotzea.
-
Bizibidearen prekarizazioa, bizi baldintzak okertzea eta kapitala metatzeko erritmoaren eta erreprodukzio erritmoen arteko bateraezintasuna.
-
Soldata arrakalak, segregazio horizontal eta bertikala, lan feminizatuen balioa gutxiestea, lan eskubideen urraketa eta laneko jazarpena.
-
Indarkeria matxistak sakontzea egiturazko indarkeriaren testuinguruan eta gizarte sareen suntsipena.
-
Emakumeak eta genero disidenteak politikatik at uztea edo ordezkaritza txikiegia izatea.
-
Emakume defendatzaileen aurkako indarkeria espezifikoa: difamazioa, mehatxuak eta jazarpena.
-
Kontsumoaren homogeneizazioa, kultura salgai bihurtzea, publizitatearen bidez ideologia eraikitzea.
Hezkuntza pribatizatzea eta lan merkatuetara egokitzea.
Arrazismoa eta migratzaileenganako bazterkeria, esplotazioa eta kriminalizazioa.
Sufritzen ditugun ondorio guzti hauen aurrean beharrezkoak dira elkartasun globaleko sareak ehuntzea etsai komun horren aurka. Elkartasun feminista, transnazionalen boterearen aurka.