KLIMA ALDAKETA

Lehorteak gogor astindu du Euskal Herria ere

2023/05/05
Igaro berri den negua bereziki lehorra izan da, 2022ko lehorte historikoaren ondoren euri eskasiak jarraitzen du, eta 2023rako ere uda oso lehorra espero da. Euri iragarpenek ez dute esperantzarik ematen gainera.

Araban inoiz baino euri gutxiago egin zuen 2022an. Nafarroan, azken 50 urteetako urterik lehorrena eta beroena izan zen ihazkoa. Udazken eta neguan ohiko prezipitazioen %40a bakarrik egin du.

Egoera honen aurrean Nafarroako nekazaritza jarduera oso kaltetua izaten ari da eta nekazaritzan ari diren sindikatuak oso kezkatuta agertu dira, Nafarroako Erriberako zereal uzta galdutzat eman baitute jada lehortearen ondorioz. Lehorteak 40.000 hektarea kaltetu ditu.

Ureztatze sistema darabilten 119.000 hektareak ere kalteak izango dituzte ur murrizketak izaten badituzte. Eta badirudi ureztatzea ez dagoela bermatua. Ura Itoizko urtegitik joasotzen dutenek momentuz bermatua dute ureztatzea, baina egoerak okerrera egiten badu murrizketak izan ditzakete. Esako urtegitik jasotzen dutenek ordea, Bardeak esaterako, ez dute ureztatzea bermatua, urtegia %55ean baitago. Ebroko urtegitik jasotzen dutenen egoera okerragoa da, Lodosa inguruko lurrak ureztatzen ditu eta %40an dago. Laboreen egoera Nafarroako Erdialdean eta Arga eta Aragoi ibaien arroetan ere kezkagarria da. Gainontzeko arroetan labore eta larreen egoera onargarria da oraindik.

Egoera honen aurrean laguntza eskatu dute nekazariek, baina ez bakarrik ekonomikoa, beste era bateko neurriak ere eskatu dituzte. Esaterako, funtsezko neurri bat, zereal hondakinak (lastoa) animalien elikadurara bideratzea eskatu dute, erregaietarako biomasa bezala erabili beharrean. Lastoaren prezioa bikoiztu egin da azken urteetan biomasarako erabiltzen delako eta koste hori oso altua da abeltzainentzat. Abeltzaintza biomasaren erabilera energetikoaren aurretik lehenestea eskatu dute, animaliak bizirik mantentzeko ezinbestekoa izango baita, bestela, hiltegira eramateko arriskua dago.

Lehorteek dakarte beste arrisku bat ere ongi ezagutzen dute Nafarroan: suteak. Ihazko suteak izugarriak izan ziren eta egun hauetako beroek dagoeneko sute arriskua maila altuan ezarri dute. Ikusiko da aurtengo udan ere zer nolako suteak egongo diren.

Euskal Herriko atlantiar isurialdean lehorteak ez du hain gogor jo, edo ez da hainbeste igarri, Gipuzkoan eta Bizkaian nekazal jarduera ez delako hain handia. Baina Iparraldean ere lehortearen eraginaz kezkatuta daude, aurreikuspenek ez baitute itxura onik. 2022ko lehortearekin eta 2023an ematen ari denarekin, uraren emariak ohikoak baino eskasagoak izaten ari dira. Elur maila ere oso eskasa da Pirinioetan eta honen urtzea bi hilabetez aurreratu da. Une honetan ez dute uraren erabilera mugatuko, baina jarraipena egingo dute egoera ongi aztertu, eta behar badira, neurriak hartzeko.