Lortu dugu! Frackinga debekatuta EAEn

2015/06/30
Frackingaren aurkako borrokan aritu diren herritar eta eragileak zoriondu ditu ELAk, gaur egungo krisi ekologiko, sozial eta ekonomikoari aurre egiteko mobilizazioa eta herritarren nahia errespetaraztea beharrezkoak direla demostratu baitute.

ELAk frackingaren aurkako HELaren onarpena txalotu du. Aldi berean frackingaren aurkako HELa aurkeztu ahal izateko sinadura eman zuten 103.589 herritarrak ere zoriondu ditu ELAk.

Bidea ez da erraza izan, HELan eskatzen zen debekuak, Estatuak Epaitegi Konstituzionalaren bitartez atzera bota ahal izateko bidea zabalik uzten zuen. Hau gertatu zen aurretik Nafarroan, Kantabrian eta Errioxan frackingaren aurkako legeak onartu zirenean. Horregatik, hemen beste bide bat jarraitu da, EAEk beregan dituen eskumenetan 3 arau aldaketa onartu dira praktikan frackinga posible izan ez dadin, ez eta errekurtsorik ere izan ez dadin.

Egin diren aldaketak Lurzoruaren Legean lurraldea babestea, akuiferoak babestea eta plan energetikoetan ingurumen ebaluazio estrategikoak exijitzea izan dira.

Legebiltzarreko bozketan EH Bildu, PSE eta PPk alde bozkatu dute eta UPyD eta EAJ abstenitu egin dira.