ENERGIA

Lurraldean sakabanatutako energia berriztagarrien sistema jasangarriagoa da berriztagarrien proiektu handiena baino

2025/04/25
% 100 berriztagarria den elektrizitate sorkuntzaren helburua lortzea errazagoa izango da, energia kontsumoaren murrizketa eta energia berriztagarrien sorkuntza sakabanatua uztartuz.

Ecologistas en Acción (EeA) erakundearen ikerketa batek ohartarazi du berriztagarrien proiwktu handien burbuila bat dagoela eta arazoak daudela proiektu berriztagarriak instalatzeko plangintzarik ez dagoelako, batez ere, potentzia fotovoltaiko gehiegi martxan jartzeko eraginkortasunik ez dagoelako.

Txostenaren helburua da estatuan instalatzea zentzuzkoa den potentzia berriztagarria kuantifikatzea. Ikerketak, sistema elektrikoak energia berriztagarriek sor dezaketen energia xurgatzeko duen gaitasunean jartzen du arreta eta agerian uzten du instalatutako potentzia neurriz kanpo handitzeak energia galera nabarmenak dakartzala. Adibidez, fotovoltaikoan, eguneko sorkuntza gailurra eguneko ordu zentraletan ematen da. Fenomeno hori ez da berria; azken urteotan gertatu da, sareko gune batzuk saturatu egiten dira. Energia enpresa handiak izapidetzen ari diren hainbeste proiektutan instalatu nahi duten potentzia fotovoltaiko guztia martxan jarriz gero, fenomenoa asko areagotuko litzateke.

EeAren txostenaren arabera, benetako eztanda eguzki energia fotovoltaikoarena izan da: 2019tik 2024ra bitartean, zazpi aldiz biderkatu da estatuan instalatutako potentzia. Hedapen azkar horrek sektore elektrikoaren CO2aren fakturan eragin positiboak dituen arren, ez dago lurraldeetako polemika eta tentsioetatik salbu. Proiektu kopuru handiak eta haien lurralde hedapenak —askotan, eskualde jakin batzuetan kontzentratzen dira— inpaktu potentzialak ditu biodibertsitatean, lehen sektorean eta paisaian. Halaber, milaka hektarea erabiltzen dira instalazioetarako, linea eta azpiestazio elektrikoak jartzen dira energia husteko, bideak irekitzen dira, makinak erabiltzen dira eta inpaktuak eragiten dituzten beste hainbat jarduera egiten dira.

Talde ekologistaren ustez, beharrezkoa den potentzia fotovoltaikoaren zati handi bat hiriguneetan edo gune antropizatuetan instalatu ahal izango litzateke, eta, beraz, zentzuzkoa litzatekeen lurrean instalatutako potentzia aurkeztutako proiektuak baino askoz txikiagoa da.

EeAren arabera, 2040rako klima neutraltasuna lortzeko, kontsumoak asko murriztu daitezke, energia kontsumoaren zati handi bat elektrifikatu egin daiteke eta 2030erako % 100 berriztagarria den elektrizitate sorkuntza lortu. Helburu horiek lortzeko, modu adimentsuan konbinatu behar dira energia berriztagarrien sorkuntza areagotzea, kontsumoarekiko hurbiltasuna, biltegiratzea, interkonexioak eta energia iturri desberdinen arteko oreka. Betiere, ingurumenean eta ekonomian dituen eraginak kontuan hartuta. Ezinbestekoa da planifikazio egoki eta justu bat.