Martxoak 5 eta 6an mobilizazioak Donostian Change the Change kongresua dela eta

2019/03/05
Klima aldaketaren aurka ez da borrokatzen erraustegi bat eraikiz. Errausketaren Aurkako Mugimenduak martxoaren 5ean eta 6an Change the Change kongresuaren baitan egingo diren mobilizazioak babesten ditu ELAk eta bertan parte hartzera deitzen du.

Martxoak 5, 19:00etan Alderdi Ederren.

Martxoak 6, 19:00etan Kursaalen.

Donostiara Change The Changera etorri zareten jendeok: jakin ezazue hemen, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Donostian, agintariak oso gaizki ari direla egiten gauzak, klimaren aldaketa erremediatzeko adituek aipatzen dituzten neurrien justu alderantzizkoak ari direla hartzen gure agintariak, herritarren egungo egoera eta etorkizunekoa baztertu eta botere ekonomiko handiei ‘business-as-usual’ (beti bezala funtzionatzen) jarraitzen lagunduz.

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Elkarteko agintariek itsu-itsuan laguntzen dituzte klimarentzako kaltegarriak diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikorik eta sozialik edukiko ez dutenak: Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, lurraren artifizializazio masiboa, Donostian bertan lurpeko trenbide berri bat…

Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garen herritar eta elkarteek behin eta berriro erakutsi dugu Errauste Plantak kaltegarriak direla gizakien osasunerako, Europak lehenetsi duen Ekonomia Zirkularra eragozten dutela, milaka tona CO2 aireratzen dituztela alferrik atmosferara… eta hondakinak aprobetxatzeko alternatiba hobe eta merkeagoak badaudela, Europan bezala hementxe bertan ere ikusten ditugu.

Ongi etorriak mundu osotik Change The Change biltzarrera zatoztenoi. Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea. Rossano Ercolini Zero Waste mugimenduko lider eta Goldman Saridunak esan duen bezala, agintariok:

 

EZ ERRE GURE ETORKIZUNA!