TRANTSIZIO EKOSOZIALA

Mecaner: Enpleguaren eta trantsizio ekosozialaren alde borrokatzea

2024/06/10
Enpresa errentagarria izan arren, Stellantisek ekoizpena bere taldeko beste enpresa batzuetara eramatea erabaki du. Deslokalizazio kasu argia da. Ez dago enpresaren errentagarritasun ekonomiko arazorik, ez eta produkzioa behar bezala egin ezin izatearen arazorik ere. Aitzitik, Mecaner kalitatezko akaberetan espezializatutako enpresa da.

Prozesua

Mecaner Stellantis taldeko enpresa da (Fiat, Opel, Peugeot, Citroen, Lancia, Alfa Romeo, Jeep, Maserati...). Hotzeko estanpazioko trokelak egin ditu, diseinutik hasi eta produktuaren banaketara arte, batez ere, ibilgailuen kanpoko karrozerian piezak estanpatzeko.

Enpresa errentagarria izan arren, Stellantisek ekoizpena bere taldeko beste enpresa batzuetara eramatea erabaki du. Deslokalizazio kasu argia da. Ez dago enpresaren errentagarritasun ekonomiko arazorik, ez eta produkzioa behar bezala egin ezin izatearen arazorik ere. Aitzitik, Mecaner kalitatezko akaberetan espezializatutako enpresa da.

Enpresa ixteko, legeak eskatzen du EEE bat aurkeztu behar dela 6 hilabeteko epearekin. Enpresaren planteamendu bidegabe horren aurrean, ELAk, antzeko beste kasu batzuetan egin duen bezala, EEEaren aurkako jarrera argia finkatu du, eta ez ditu kaleratzeak onartu. Gure ustez, gainera, arbuioari mobilizazio eta greba dinamika batekin lagundu behar zitzaion. Trokelek oso balio handia dute eta trokelak immobilizatzea zen armarik onena ixte prozesuari aurre egiteko edo enpresan trantsizio bat egiteko akordioa lortzeko.

Gainerako sindikatuak (LAB, ESK, CCOO) ados egon dira, teorikoki, EEEa errefusatzearekin, baina ez dute onartu ELAk greba mugagabe batera joateko egin duen plan irmorako proposamena. Horren ondorioz, langile batzuk greban egon dira, eta beste batzuk ez, eta horrek tentsio handia sortu du. Testuinguru horretan, ELAren afiliazioa handitu egin da enpresan, eta greban egon diren 48 pertsonetatik 45 gure sindikatukoak ziren.

EEEaren legezko epea amaitzean, bi gertaera izan ziren goiz berean. EEEa akordiorik gabe amaitzen da. Baina, berehala, LABek, ESKk eta CCOOk akordio bat sinatu dute, hedabideei ezkutatuta, eta bertan enpresa ixtea onartu dute, lan egindako urte bakoitzeko 55 eguneko kalte ordaina ezarriz, gehienez 36 hilekotan. Akordio horrek 15 eguneko epea ematen du langileak, banaka, akordiora atxikitzeko. Atxikimendu indibidualak etorkizuneko onurei uko egitea exijitzen du EEEa legez kanpokotzat jotzen bada. Eta ez atxikitzeak berekin dakar Vigora edo Zarragozara lekualdatzea onartzea, edo urtean 20 eguneko kalte-ordaina ematea, 12 hilabeteko mugarekin.

EEEa adosteak hobekuntza berak ahalbidetzen zituen banakako akordioek behartzen duten xantaiarik gabe. Akordioa lege iruzur ikaragarria da, enpresari soilik mesede egiten diona, horrela, EEEaren baliogabetasun deklarazio posible baten ondorioak saihesten saiatzen da enpresa. Lortu nahi den formula eskubideen murrizketa garbiak dakartzaten eta EEEn lekurik ez duten klausulak ezartzeko interesetik soilik ulertzen da, hala nola etorkizunean izan daitezkeen onurei uko egitea.

Erretorikaz harago, bistakoa da ELAk bakarrik planteatu duela egoeraren larritasunarekin koherentea den borroka bat. Gai honi buruzko beste bi ohar. Lehenengoa, bistan denez, hitzarmenaren edukiak hobetu egin dira, greba mugagabea egin duten langileei eta ELAk negoziazioan egindako lanari esker. Izan ere, ELAk frogatu du enpresak emandako kontabilitate datuek ez zutela islatzen enpresaren eta Taldearen benetako egoera ekonomikoa. Bigarrena, sindikatu sinatzaileek grebari uko egin diotela, beraien ahultasun estrategikoa erakutsiz. Ekoizpena deslokalizatzen duen multinazional bati greba deitzeko gai ere ez badira, Stellantisekin atzetik ezkutuko akordio bat negoziatzen aritu badira, nori irudituko zaio serioa enpresa mobilizazio eta borrokarik gabe berreskuratuko dutela trantsizio ekosozialerako?

 

Trantsizio ekosozialerako plana

Testuinguru horretan, Urdulizeko Udalak Enpresa Batzordeak Garua kooperatibari eskatutako lan bat finantzatu zuen, Mecanerren termino ekosozialetan ekoizpen aldaketa bat proposatzeko. ELAk bat egiten du Garuari egindako enkarguarekin, eta, oro har, haren edukia positiboki baloratzen du.

Hala ere, gure ustez funtsezkoak ziren zenbait gairi buruz ez geunden ados. Atzera bota behar zen EEEren prozesu tasatu batean geunden. ELArentzat argi zegoen EEEaren negoziazioan horrelako proposamen bat mahai gainean jartzea enpresari arrazoia ematea zela enpresaren bideragarritasun falta argudioatzerako orduan (esan dugun bezala, hori guztiz faltsua da). Ez zuen asko laguntzen enpresarekin konfrontazioa behin eta berriz ekiditzen zuten erakunde sindikalek plan hori enplegua salbatzeko bandera bihurtzea. Garuaren dokumentua ez zen bideragarritasun plan bat, eta ez zen aipatu ere egiten planteatzen zuten ekoizpenerako zenbat lanpostu beharko ziren, beste logika bati erantzuten baitzion.

 

Borrokaren jarraipena

Langileen zati bat, greban egon dena, prest dago enpresaren kargu egiteko, zenbait baldintzekin erosteko prest dago (lan kargaren 5 urterako bermea eta denbora horretan trantsizio ekosoziala prestatzea). Bistan denez, ez diote inori horretarako baimenik eskatu behar, eta are gutxiago greban egon ez direnei.

ELAk bideragarritasun plan zehatza eta xehea egin du. Produkzioaren ardatza trokelak doitzeko, prest jartzeko eta zuzentzeko zerbitzuak eskaintzea izango litzateke, bai instalazio propioetan, bai bezeroaren lantokian, enpresaren jarduera epe laburrean bideragarria dela ziurtatzeko eta produkzioa termino ekosozialetan eraldatzeko behar diren baliabideak sortzeko, gehienez ere 5 urteko epean. Itxieraren aurrean, enpresa berreskuratu. Borroka hori defendatzen jarraituko dugu, eta ahal dugun bide guztiak erabiliz egingo dugu.